Zarauzko Triatloiaren eragina zirkulazioan

Karkara 2016ko eka. 10a, 09:03

Ekainaren 11n triatloia izango da Zarautzen eta horrek eragina izango du Orioko zirkulazioan, 16:00etatik 18:45tara. 

Zarazuko Triatloiak eragina izango du Orioko zirkulazioan. N-634 errepidea itxita egongo da Zarauztik Oriorako norabidean, 16:00etatik 17:45tara. GI-3161 errepidea ere itxita egongo da, Ubegun industrialdetik Lokate baserriaino. Tarte hori 16:10tatik 18:00etara egongo da itxita. GI-3710 errepidea ere itxita egongo da, bi norabideetan, 16:30tatik 18:45 bitartean. Txurrukako bidea ere itxita izango da, bi norantzetan, 16:30tatik 18:45tara.

Oriora etortzeko hainbat aukera

Tarte horretan Oriora sartzeko edo irtetzeko hainbat proposamen eman ditu antolakuntzak. Zarautzetik Oriora etortzeko autopistaz egin daiteke, Aritzetako norabide-aldaketaraino. handik, Orioko buelta hartu daiteke Orioko ordaintokian irteteko. Bestalde, Arrutiegia autzotik barrena ere etorri daiteke. Dena den, bi guneetan boluntarioak egongo dira azalpenak ematen eta laguntzen.

Aiatik Oriora etortzeko, Arrutiegia auzotik barrena etortzea gomendatzen da. Errotatik Ubegun industrialdera joatea gomendatzen da, eta han boluntarioak izango dira, azalpenak ematen. Andatzatik edo Santiotik, 16:30tatik 18:30tara, ezingo da zuzenean Oriora etorri. Aiako kaskora igo eta Arrutiegia auzotik joan beharko dute.

Oriotik ateratzeko beste hainbeste

Zarautz aldera joan behar izanez gero, uneoro erabili ahal izango da N-634 errepidea. Irteerako biribilgunean Ertzaintza egongo da trafikoa bideratzen.

Aia aldera joan behar izanez gero, Santio eta Andatzatik barrena uneoro joan ahal izango da. Biribilgune horretan ere Ertzaintza izango da trafikoa bideratzen. Zudugarai gainetik eta Laurgainetik ere uneoro joan ahal izango da eta Altxerri eta Errotatik ezingo da pasa 16:10tatik 18:00ak bitarte. 

Garraio publikoa, beste aukera

Kotxea hartu beharrean garraio publikoa erabili badezakezu, hori egitea gomendatzen du antolakuntzak. Dena den, autobusetako hainbat linea moztu egingo dira triatloiagatik. Hauek:

  • Zumaia – Donostia (UK09): 15:55tan Oriotik pasatzen den zerbitzua ezabatu egingo da.
  • Donostia – Zumaia (UK09): 16.30tan Oriotik pasatzen den zerbitzua ezabatu egingo da.
  • Orio – Aia – Zarautz (UK08): 16:45tako zerbitzua ezabatu egingo da. Hurrengo zerbitzua 18:45takoa izango da.
  • Zarautz – Aia – Orio (UK08): 17:55tan Zarauztik irteten den zerbitzua ezabatu egingo da.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide