Arratsaldeko 19:30ean bildu ziren udalbatzar aretoan. Lehendabizi udal kontu-hartzaileak emandako txostenaren berri eman zuten. Aurrekontuen-egonkortasunaz, jasangarritasun finantziarioaz eta gastuaren erregelaz xehetasunak ematen ditu txostenak, 2015eko aurrekontu propioaren likidazioaren onarpenaren baitan osatutakoa da.
38.896 euroko kreditu aldaketa
Horren ondoren, bozketetara jo zuten. Lehendabizi udal aurrekontu propioaren kreditu aldaketa bat onartu zuten, aho batez. Guztira 38.896€ aldatuko dira. Prezio horren barruan sartzen dira programa informatikoak –1.700€–, Etxeluzeko altzariak –335€–, Arraunetxeko altzariak –1.005€–, Ludotekako eduki osagarria –8.802€–, bide publikoetako altzariak –5.391€–, Etxeluzeko inbertsioak –9.191€, Kosta tailerraren mantenua –2.160€, Kosta tailerreko eraikinaren inbertsioa –2.700€–, herriko emergentzia plana –3.872€–, bide publikoak –1.100€–, kanpineko altzariak –540€– eta makinaria bide publikoak –2.100€–.
Kantitate hori bi finantzatzeko, batetik, eraikuntza zergaren soberakina erabili da, 2.160€. Bestetik, 36.736 euro erabiliko dira altxortegiko gerakinetik.
17.534 euroko beste aldaketa bat
Gero, beste kreditu aldaketa bat onartu da, transferentziazko modalitatean, 17.534€koa. Kantitate horrek, beregain hartzen ditu festetako 11.616 €, kultur jardueretarako diru laguntzetako 1.480 €, auzoetako festetako 2.520 €. Horiek Balearen Eguneko partidatik finantzatuko lirateke.
Ile apaindegirako ile lehorgailua 918 € eta hori familiako esku-hartzetik finantzatuko litzateke. Kanpinerako makinariara 1.000 € bideratu behar dira eta horiek instalazioaren mantenurako kopuru berberarekin finantzatuko dira. Aldaketa horiek ere aho batez onartu ziren.
Aparkatzeko udal eranskinaren ordenantzan aldaketak
Udal eranskina eskuratzeko eskubideari lotutakoak dira aldaketak, eta ez tarifari lotutakoak. 45 eurotan dago ezarrita eranskina lortzeko prezioa. Orion etxea jabegoan dutenek baina bertan erroldatuta ez daudenek, etxebizitza bakoitzeko ibilgailu bakar batentzat lortu dezakete eranskina.
Orioko udal kanpinean partzela fijoak dauzkaten bezeroek ere udal eranskin bat lortzeko eskubidea izango dute partzela bakoitzeko.
Orion erroldatuta daudenak baina lana Oriotik kanpo egiten dutenek, enpresako ibilgailurako eskuratu dezakete udal eranskina. Praktikan horrela egiten zen arren, idatziz oraindik jaso gabe zegoen azken hau. Hiru aldaketak aho batez onartu ziren.
Ondasun higiezinen zergetako karga-tasetan igoerak
Gai hau diktaminatua izan zen maiatzan egindako batzorde informatzailean. Aldundiak berritu egin du herritarren ondasun higiezinen balio katastrala, eta hortik dator aldaketa. Azken berrikuspena 2011n egin zen, eta azken urtetan higiezinen balioek gora egin dutenez, berritzeko beharra ikusi zen.
Aldaketa hau izatea proposatzen zen: industria edo hirugarren zonetan kokatuta dauden hiri ondasunetan %47 beherapena balioan. Gainerako ondasun higiezinetan –hiritarrak eta erresidentzialak– %20ko gehikuntza. Bataz beste, %18,80ko gehikuntza izango litzateke. Ikusita saltoa nabarmena dela, proposatu zen aurten indarrean dauden tasak mantentzea: 0,3964 eta 0,2024.
Emeterio Iribarrek igoera nabarmena izango dela ikusita, zera proposatu zuen: %20ko igoera izan ordez gainerako ondasun higiezinena, %15ean jartzea. Igoera nabarmena izango denez, pittin bat gutxitzeko. Beren helburua oriotarrengan ahalik eta eragin baxuena izatea dela esan du Iribarrek; igoera bai, baina kontuan hartuta herritarren egoera zein den.
Joxe Anjel Zalduak proposamen hori bozkatzeko onarpena eman du, arazorik gabe, ez baitu gaizki ikusi EH Bilduk proposatutakoa. Hortaz, 0.2024 %15ean jaistea eta 0.1688 izatea bozkatu dute. Bozketan hamaika aldeko boto izan dituzte –PSE-EE, EAJ eta EH Bildu– eta abstentzio bat, Orain taldearena.
Ekainaren 29a, herriko jaieguna
Aho batez onartu zen aurretik batzordean hitz egindakoa. 2017 urtean herriko jaieguna ekainaren 29a izatea adostu zuten, sanpedro eguna. Datorren urtean ostegunean izango da ekainaren 29a.
Udal hilerriko arautegian aldaketa txikiak
Bi aldaketa egin dira Orioko udal hilerriko arautegiaren 44 eta 45 artikuluetan. Biak aho batez onartu ziren. Egun, nitxoen erabilera 10 urtetakoa zen eta erabilera horri 5 urteko luzapena egiteko aukera zegoen. Orain, nitxoen erabilera 10 urtetik 15 urtera luzatu da. Luzapena, ordea, berbera izango da, 5 urtekoa.
Kolunbarioak, orain arte, 10 urteko erabilera eta 5 urteko luzapena zuten. Aurrerantzean, 20 urteko erabilera izango dute eta beste 10 urte luzatu daiteke erabilera hori.
UEMAko udal ordezkari berriak
Orain arte, Urola Kostako batzorde exekutiboan Amaia Dorronsoro zen ordezkoa. Bere kargua utzi zuenez, Dorronsororen tokia hartuko duena izendatu behar da. Gotzon Igoa izango da aurrerantzean ordezkoa.
Bestalde, EAJn batzorde aldaketa izan zenez, UEMAn ere aldaketak egitea proposatu zen: titularra Lourdes izan ordez Aitziber izatea, eta alderantziz.
Amaitzeko, EH Bilduko ordezkariak proposatu ziren. Titularra Bixente Lasa izango da eta ordezkoa Emeterio Iribar.
Gai guztiak onartuta, eskari eta galderen txanda heldu zen. Balearen Egunaren biharamunean gertatutakoaren harira, zaborra bildu ez zelako, argibideak eskatu zizkion EH Bilduk EAJri. Joxe Anjel Zalduak obra eta zerbitzuko batzorden guztia azalduko zela erantzun zion Iribarri. Eta, onartu zuen jendearen haserrea guztiz ulergarria zela.
Lourdes Salsamendik hartu zuen hitza, eta esan zuen pena handia eman ziola gertatutakoak. Guztia ondo atera zela, primeran joan zela, eta gero horrelako kontu batengatik zapuzteak min egin ziola.
Bestalde, Zalduak esan zuen ikusi zela inongo arazorik ez dutela besteen proposamenak entzun eta onartzeko, beraz, eskertuko zuela udalbatzarra baino lehen azaltzea, aurretiaz jakiteko. Iribarrek erantzun dio batzuetan aurreiritziarekin jokatzen dutela eta barkatzeko, hurrengoan saiatuko direla.