Iazko urrian, maletak egin eta ozeanoz bestalde joan ziren Danilo San Martin eta Garbiñe Alonso beren alaba Noarekin eta Lunarekin batera. Txilera, hain zuzen ere. Joan ziren, baina hemen daude oraindik oriotar askorentzat; milaka kilometrotara, bihotzetik gertu, alegia. Joan ziren, eta han daramatzate zazpi hilabete. Unean unekoa bizi dute, eta, oraingoz, gustura daude Txilen.
Noiz joan zineten Oriotik Txilera?
2015eko urrian etorri ginen hona, Txilera.
Eta, zergatik?
Jakingo duzuenez, Danilo txiletarra da. Betidanik izan dugu Txile gehiago ezagutzeko gogoa. Ez genekien noiz, hona etortzeko une egokia zein zen. Gazte eta osasuntsu gaudenez, laurok elkarrekin abentura hau bizitzeko momentu aproposa zela pentsatu genuen.
Eta Txilera, nora? Zein herritan bizi zarete?
Txilek hamahiru eskualde ditu iparraldetik hegoaldera, Aricatik hasi eta Antartikaraino. Eta gu, hiriburutik 900 kilometrotara bizi gara, hegoaldean, Araucania izeneko bederatzigarren eskualdean, Lican Rayeko Mapucheen lurraldean.
Nolakoa da hango bizimodua?
Lasaia da oso, estres askorik gabeko landa bizimodua da.

Egunerokoa, beraz, Oriokoarengandik desberdina da, ezta?
Gure kasuan, behintzat, bai. Mendian bizi gara eta herrira gutxitan jaisten gara. Hemen ez dago pintxo poterik ez ezer, hurbilean dagoen hiriak Villarrica izena du eta 20 kilometrotara dago.
Gure alabek hiri horretan ikasten dute eta han erlazionatzen dira gainontzeko haurrekin, han elkartzen dira lagunekin. Desberdintasun handiena erlazioetan dago, Orion jende gehiagorekin egoten ginen Txilen baino, hemen gehienok herritik kanpo eta banatuta bizi baikara.
Erlazionatzeko modua ere desberdina izango da, ezta?
Oso desberdina. Hemen lagunak kalean eta tabernetan elkartu beharrean etxeetan elkartzen gara, mahai inguruan.
Euskaldunak erlazionatzeko itxiak garela ere esaten da.
Denetik dago. euskaldun ireki askoak ere ezagutzen ditugu.
_content.jpg)
Txilek denetik du: itsasoa, mendia, sumendia, elurra, desertua... Zuek zein parajetan bizi zarete?
Bizirik dauden sumendi eta laku batzuen alboan bizi gara. Parke natural ugari ditugu inguruan. Zoragarria da, benetan. Orioko inguruetako txoko askoren antzeko lekuak eta bideak ere badaude.
Landa eremuen eta hirien arteko aldea handia al da?
Nahiz eta jendeak hiriguneetan lan egin, gehiengoa hirietatik kanpo bizi da. Landa eremuak oraindik ez dira masifikatu, nahiz eta metropolietatik gero eta jende gehiago ari den mugitzen landa eremuetara bizitzera.
Santiagoko jendea, hau da, Txileko hiriburuko jendea, asko ari da mugitzen. Santiago oso arriskutsua ari da bilakatzen, eta horregatik ari da jendea handik joaten.
Eta hizkuntzaren egoera nolakoa da?
Txilen hiru hizkuntza hitz egiten dira: gaztelania, aimara eta, gure eskualdean, mapuzunguna. Euskararen modukoa da, desagertzeko arriskuan dagoen Maputxe izeneko indiarren hizkuntza da. Gaur egun, mapuzunguna Maputxeen artean hitz egiten da eta eskola publikoetan erakusten da.
_content.jpg)
Ikastetxeetan hiru hizkuntza horiek ikasten dituzte?
Gure bi alaben ikastetxeetan ikasgai guztiak gaztelaniaz dira. Kanpoko hizkuntza bezala ingelesa irakasten diete. Gure alaba Lunaren ikastetxean mapuzungun hizkuntza ere irakasten da, ingelesaren antzera.
Salbuespen modura, ikastetxe alemaniarrak eta ingelesak ere badaude. Baina ez dira oso ugariak.
Zuen haurrak, oro har, zelan moldatzen dira eskolan?
Orain arte guztia euskaraz ikasi dutenez, aldaketa handia izan da berentzat gaztelaniaz ikasi behar izatea. Baina, egia esan, oso ondo moldatu dira.
Eta gainontzean, Txileko bizimodura zer moduz egokitu dira?
Betidanik ezagutzen dute Txile eta bertako bizimodua. Ondo egokitu dira, bai.
_content.jpg)
Ekonomiari dagokionez, mailaketa handia al dago pobreen eta aberatsen artean?
Mailaketa oso handia dago, bai. Aberatsak oso aberatsak dira, eta pobreak, aldiz, oso pobreak. Hala eta guztiz ere, biztanle gehienak erdi mailakoak dira.
Ustea dago hemengo bizimoduarekin han eroso bizi gaitezkeela. Horrela al da?
Ustea dago bai, baina hemen ere bizitzeko lana egin behar da, oinarrizko produktuak erostea Orion bezain garestia baita.
Zentzu horretan, nola begiratzen zaio handik espainiar estatuan gertatzen ari denari?
Egia esanda, ez zaie asko axola. Ez dira harritzen Espanian gertatzen ari denarekin, hemen ere antzeko jokatzen baitute.
_content.jpg)
Txilen luzerako egoteko asmoa al daukazue? Bueltatzeko asmoarekin joan zarete?
Ez dakigu... Momentuz hemen gaude. Gero, gerokoak.
Ozeano baten distantzia hautsiko dugu elkarrizketa honekin, metaforikoki bada ere. Orion zuen hitzak agertuko diren honetan, zerbait esan nahi al diezue oriotarrei?
Txile ezagutzera animatu nahiko genituzke oriotarrak! Eta, gure lagun, guraso eta senideei besarkada handi bana bidali nahi diegu Txiletik Oriora.