Oporraldiak

Jon Agirresarobe eta Unai Manterola 2016ko mai. 30a, 15:40

Jon Agirresarobek eta Unai Manterolak oporraldien inguruan idatzi dute, bakoitzak bere ikuspuntutik

Oporren osteko lehen lerrotan bidaiatzeaz, erlijio arteko konbibentziaz eta norbere koherentziaz idatzi behar. Morroi hau ez izan ordea, aditua, kanpo eta barne bidaietan. Lagunak proposatuta zapaldu ditut Ho Chi Minh eta Dar es Salaam. Nik aukeratuta Vilafranca del Penedes, Xixon, Salamanca, Vigo ... Azkenak autoan joatekoak. Oporretan sentitzen naiz errepide ondoko kafetegian alkandora zuriz jantzita dauden zerbitzariek ¿que desea caballero? galdetzen didatenean. Vietnamen eta Tanzanian ahal dena egin behar DBH garaitik erdoiltzen ari den ingelesarekin.

Gertu edo urruti joan han agertzen dira erlijioak. Turista paperean konturatzen da bat sinismenek terrenoa markatzen dutela indartsu sentitzen diren lekuan. Eraikinen bitartez gehienetan, baina ez zaizkit erakargarri. Pagoda eta eliz askotan bisigua errioan bezala sentitu izan naiz, lekuz kanpo, zentzua bilatu ezinean. Erromes bideen fenomenoa deigarriagoa zait. Arrakasta handiagoa duela uste dut, nahiz eta ibiltarien gehiengoa fededuna ez izan. Iaz osatu nuen Oriotik Santiagorako ermita eta eliz arteko bidea. Presazko itinerarioen gainetik pentsatzeko denbora eskaini zidan bideak, ez da gutxi gaurko gizartean. Hori bai, iritsi zen diplomaren garaia eta hantxe estuasunak. Galdera egin zidaten: sinismenak edo kirol erronkak ekarri zaitu? Inkoherentzia litzateke elizara hiletetan eta kiroldegira bertso saiotan doan honek bat edo beste hautatzea. Arrazoia bakarra zen: hogei kilometroro lotarako lekua eskaintzen duen ia bide bakarra da erromesaldia. Oporraldi merkea eta erraza. Erlijioek eragin nahi baduzue behintzat, eragingarriagoa iruditzen zait esperientziak eskaintzea eliza hutsak irekitzea baino.

Koherentzia gutxikoa naizela esango duzue. Zinegotzi lanetan ikasi dut langilearen eta borrokalariaren inkoherentziak onartzen, zerbaitetan dabilena estimatzen.

Konparazio bat amaitzeko. Mosku. Goizeko zazpiak, hamabost zero azpitik. Herritarra eskuz kanpaia jotzen ari da kanpandorrean. Joxemari eta Anjel etorri zitzaizkidan gogora. Zenbat urte isileko lanean;egitea bera jarri nahi nuke balioan. Oriora datozen erromesak ohartuko dira ,bi gizonak lanean ari direla.

 

B  atek bidaia egin behar duela dionean, iritzi ezberdinak entzun behar izaten ditu. Bai urrutira zoaztela!. Ez al dago arriskurik? Hala entzun behar izan genuen orain lau urte bezala, aurtengo martxoan Lur Santuak bisitatzera gindoazen Aiako eta Orioko erromesok.

Madrildik Telaviv-eko aireportura eskalarik gabeko hegaldian ez da hain urruti gertatzen den bidaia. Bost bat ordu laster igarotzen dira. Han berriz, kristauontzat hain maiteak diren eta buruan eta bihotzean hain ezagunak diren tokiak, benetan gertukoak gertatzen dira. Urrutikoa gertatzen dena zera da: munduko hiru erlijio nagusiak bat egiten duten hirian, Jerusalemen, edozein erlijiotatik aparte behar luketen zatiketak eta ikusiezinak hain nabarmen ikustea. Baina honelako koherentzi faltak sumatzeko ez dago hain urrutira joan beharrik. Denok –fededun nahiz fedegabe– dugu gainean geure printzipio gertukoenetik oso urruti dagoen jokabideren bat.

Arriskua, berriz, egia esan ez da sumatzen. Ez behintzat indarkeriak turistei sor diezaiekeenik. Arriskuan beste gauza batzuk daude Israel eta Palestinan. Arriskuan Palestinarren bizi baldintza dago. Arriskuan Palestinarren eskubidea dago. Arriskuan Palestinarren duintasuna dago. Eta, bestalde, lurralde hartako kristauak palestinarrak direlarik, kristautasuna dago arriskuan, gero eta arrisku handiagoan. Israeldarrentzat soberan dagoelako berena ez den guztia. Eta alde egin behar, bere herria utzita, urruti, arriskura...

Nik uste, bidaiariarentzat gertutasuna jarrera dela; eta ziurtasuna sentsazioa. Bidaiariarentzat diot.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide