Ekainerako agenda zabala prestatu du Mandalarak

Karkara 2016ko eka. 1a, 11:09

Gaixotasunen deskodetzearen, haur ekologiaren eta sinaduraren inguruko tailerrak antolatu dituzte

Ekainean zehar hainbat tailer eta ikastaro egingo dituzte Mandalara taldekoek. Hasteko, gaixotasunen deskodetzeari buruzko mintegiak emango dituzte datorren asteburuan. Eva Alvarez eta Joshua Santos, La Descodificacion del Inconsciente liburuaren egileak, izango dira deskodetze biologikoaren inguruko tailerrak emango dituztenak.

Ostiralean, ekainaren 3an, doako hitzaldia egingo dute 20:00etan. Larunbatean, ekainaren 4an, bi mintegi egingo dituzte, bata goizez eta bestea arratsaldez. 10:00etatik 13:00etara arnas aparatuko gaixotasunak landuko dituzte: asma, bronkitisa, faringitisa, katarroak, gripeak, zurrungak eta bestelako arnasketa arazoak. Arratsaldean, 18:00etatik 21:00etara digestio aparatuaz hitz egingo dute: bruxismoaz, txantxarrez, halitosiaz, ultzerez, kolikoez eta abarrez arituko dira. Igandeko saioa, 10:00etatik 13:00etara izango da eta hezur eta giharrak izango dituzte hizpide: bizkarreko minak, ziatika, lunbagoa, herniak, artritisa, artrosia...

Hiru tailerren prezioa 100 eurokoa da; hirutik bi tailerretara joan nahi izanez gero 70 euro ordaindu beharko dira eta bakarrera joateko 40 eurokoa da prezioa.

Ekainaren 12an, igandean, haur-ekologiari buruzko tailerra emango du Xavier Uriarte naturistak. Osasun eta gaixotasun kontzeptuez, farmakoez, txertoez, elikadura ekologikoaz eta etxean egindako sendagaiez hitz egingo du Uriartek. 10:00etatik 14:00etara izango da tailerra eta plaza mugatuak daude. Prezioa 35 eurokoa izango da pertsonako, eta izena binaka emanez gero 60 euro ordaindu beharko ditu bikoteak.

Azkenik, ekainaren 19an, sinadura aztertu eta interpretatzeko kurtsoa egingo dute. Beatriz Buesa psikologo transpertsonalak emango du ikastaroa. Sinaduraren esanahia, errubrikaren sinbolismoa, sinaduraren irakurgarritasuna, izen eta abizenen sinbolismoa... dira landuko dituzten gaietako batzuk. 10:30etik 13:30era eta 15:30etik 18:30era izango da ikastaroa, eta 80 euroko prezioa izango du.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide