Marrokiar sukaldaritzaren ikur

Karkara 2016ko eka. 2a, 08:10

Najat Kaanachek Cocina marroqui telebista saioa aurkezten du Canal Cocina katean.

Sukaldaria da Najat Kaanache. Orion hazi bazen ere, sustrai marrokiarrak ere baditu, eta horien eraginak sukaldaritzan islatzen dira. Garia biltzen zuen bere familiak Marokoko mendietan, eta, besteak beste, hortik datorkio sukaldaritzako grina.

Sukaldaritza ibilbide entzutetsua Katalunian hasi zuen, El Bulli jatetxean, Gironan. Ondoren, Nomara joan zen, Kopenhagera. Handik Estatu Batuetara joan zen, eta, ordutik, han egin du ibilbidea. Lehendabizi French Laundri izeneko jatetxean egin zuen lan, Kalifornian. Gero New Yorkeko Per Sen egin zuen lan, baita Chicagoko Alinean ere. Ferran Adrià eta Bill Yosses bezalako sukaldariekin egin zuen lan.

2011n, El Bulli jatetxea itxi zenean, munduan zehar bidaiatzea erabaki zuen, herrialde bakoitzeko sukaldaritza errotik ezagutzeko. Gizakiak tokian tokiko janariarekin duen lotura ezagutu nahi izan zuen horrela. Eta, geroztik, The Pilgrim Chef bezala da ezaguna.

 

Baina, gerora, zabaldu dituen jatetxeengatik ere egin da ezaguna. 2013an ireki zuen lehena, Souk izenekoa, Dallasen. Handik bi urtera, 2015ean, Piripi jatetxean zabaldu zuen Miamin. Urte berean Six Ingredients izeneko ekimen solidarioa jarri zuen martxan, produktuak babestea helburu duena.

Sukaldean lanean aritzeaz gain, irakasle lanetan ere ibiltzen da. Unibertsitatean ematen ditu eskolak. Eta orain, jankideen edo ikasleen aurrean sukaldatzen aritzeaz gain, bere sustraiekin dabil jolasean telebista aurrean, Canal Cocina kateko Cocina marroqui saioan. 

 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide