Orioko Udala 2002an sartu zen Udalerri Euskaldunen Mankomunitatean, duela hamalau urte. UEMAK, ordea, 25 urte bete ditu aurten, 1991n sortu baitzen. Eta larunbatean, maiatzaren 28an, UEMAren eguna izango da Leitzan.
Ekitaldi ugari antolatu dituzte, goizeko 9:00etako dianarekin. Ordu betera Arnasguneen tailerra izango da Atekabeltz gaztetxean. Ordu berean, UEMAren batzar nagusia izango da udaletxean. Batzar nagusian, UEMAn sartzeko eskaera egin duten udal berriak onartuko dira: Dima, Ziortza-Bolibar eta Legorreta. 11:30ran herrien arteko herri kirolak jokatuko dira plazan. Handik ordu betera, 12:30ean, Udalerri euskaldunak, 25 urte euskara hauspotzen ekitaldia izango da. Ekitaldiaren amaieran, 13:15ak aldera, flashmoba egingo da.
14:30ean herri bazkaria egingo da eta, bazkalostean, kantaldia izango da. Bazkarian parte hartu nahi dutenek aldez aurretik eman behar dute izena, UEMAren 943-816699 telefonora deituta ala 662-307903 whatsapp zenbakira idatzita.
Arratsaldean, 18:00etan, DJ Porruk haurrentzako ikuskizuna egingo du. 19:30ean, R Ke R elektrotxaranga ibiliko da kaleetan zehar. 23:30ean Lur J eta Akort taldearen kontzertua izango da gaztetxean.
Berripaperean ere UEMA egunaren berri
Egun hauetan banatuko da Orioko buzoietan UEMAren Berripaperaren 43. zenbakia. UEMAren 25 urteko ibilbidea azalduko du eta ibilbide hori ospatzeko festaren berri ere emango du, besteak beste. Nahi izanez gero, hemendik deskargatu daiteke berripaperaren PDFa: