Trainerilla Txapelketan, zorterik ez

Karkara 2016ko mai. 24a, 08:45

Ez dute zorterik izan arraunlariek. Lehen ziabogara podium postuetan iritsi arren, laugarren postuan helmugaratu dira oriotarrak.

Hondarribian, igandean, maiatzaren 22an, Gipuzkoako Txapelketa jokatu zen. Orioko emakumezkoek parte hartu zuten txapelketak, baina ez zuten zorterik izan. Ziabogara ondo iritsi dira, podium postuetan. Hibaika izan da ziabogara sartzen lehendabizikoa, 3:27 denborarekin. San Juanek hiru segundo gehiago behar izan ditu, 3:30, eta Oriok lau segundo gehiago, 3:31. Donostia Arraun Lagunak atzean geratuta zeuden ordurako.

Ziabogan, ordea, ontzia trabeska zegoela, olatu batek hartu du oriotarren ontzia. Boiaren gainera bota du olatuak ontzia eta sekulako ur piloa sartu zaie ontzian. Orduan bukatu da estropada oriotarrentzat. Asko kosta zaie oriotarrei ibilbidea bukatzea. Atzean geldituta zeuden donostiarrek aurrea hartu diete eta irabazlearengandik 1:25ra helmugaratu dira.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide