Ekitatea landu dute aurten Agenda 21en

Karkara 2016ko mai. 20a, 09:01

Maiatzaren 19an egin zuten programari amaiera emateko udalbatzarra

Orioko bi ikastetxeetako ikasleek udalbatzarra egin zuten atzo, maiatzaren 19an, Eskolako Agenda 21 programari amaiera emateko. Urtero gai bat aztertzen dute eta aurten ekitatea aukeratu dute. Ekitatea oso gai anitza denez, azpiataletan landu dute: kirola, generoa, irisgarritasuna... Horrela, herriaren diagnostikoa egin dute horren arabera, Orio ekitatearekiko nola dagoen ikusi dute.

Handik, proposamen zerrenda bat egin zuten eta guztietatik zortzi aukeratu zituzten, lehentasunen arabera. Atzoko plenoan proposamen horiek luzatu zizkien Joxe Anjel Zaldua alkateari eta Aitziber Campos zinegotziari. Proposamen horiekin batera, konpromisoak hartu zituzten ikasleek, eta alkatearen erantzuna momentuan jaso zuten.

Antxiola kalera iristeko igogailu bat, herriko kaleak txukuntzea, kirol jarduerak eta txapelketak bultzatzea, aukera desberdintasunaren aurrean berdintasuna bultzatzeko lan egitea, U-ko parkea berrantolatzea, etxebizitza/aterpetxe sozialak sortzea, emakumeen kirolaren alde egitea eta janariak birziklatzea izan ziren ikasleek Zalduari eta Camposi  egindako eskariak.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide