Laugarren Garagardo Azoka aurkeztu dute

Karkara 2016ko mai. 19a, 09:30

Idoia Etxeberriak eta Iñigo Martinez Realeko jokalariak jasoko dituzte aurten Mirotza sariak

Maiatzaren 27tik 29ra izango da aurten Orio Arraun Elkarteak antolatzen duen Garagardo Azoka. Laugarrenez, garagardo bereziak dastatzeko aukera izango da herriko plazan, eta baita egitarau zabalaz gozatzekoa ere. Atzo, maiatzaren 18an, aurkeztu zuten egitarau hori, Udaletxean. Arraun elkartearentzat diru sarrera izateaz gain, Garagardo Azokak herriari mugimendua ematen diola esan zuen Ibon Huhegun Arraun Elkarteko presidenteak, hori sinetsita urtero antolatzeko ardura gure hartuz jarraitu nahi dugu.

Urteroko eskema bera jarraituko du aurten ere azokak: hiru egunekoa izango da, ostiraletik igandera, eta garagardo bereziak eta jatekoa eskainiko dira Orioko plazan. Azken urteetan bezala, jakiak etxera eramateko aukera ere izango dute herritarrek.

Azoka irekitzeko, urtero bezala, Mirotza sariak emango dituzte ostiralean. Aurten, Idoia Etxeberria harrijasotzaileak eta Iñigo Martinez futbolariak jasoko dute sari bana. Azken hilabeteetan esku bakarrarekin eta bi eskurekin lortutako marken merituagatik omendu nahi dute Etxeberria. Bestalde, Martinezen ibilbidea ere saritu nahi dute, harrobia irudikatzen duelako eta bat egiten duelako elkartearen filosofiarekin.

Egitarau zabala egongo da asteburu osoan: kontzertuak, erromeriak, umore saioa eta kirola izango dira plazaren inguruan. Hona hemen egitaraua:

Maiatzak 27, ostirala

19:00 Irekiera ekitaldia eta Mirotza Sariak

19:15 Los Cañas talde oriotarraren kontzertua

22:00 Erromeria Bide Batez taldearekin

Maiatzak 28, larunbata

18:30 Erromeria Fan&Go taldearekin

20:45 Txapeldunen ligako finala pantaila handian

23:30 Erromeria Fan&Go taldearekin

Maiatzak 29, igandea

11:00 Beteranoen traineru estropada

13:00 Falcons de Vilafranca, Kataluniako giza dorreak

18:00 Buruz Buruko txapelketaren finala pantaila handian

19:00 Umore saioa Angel Alkainekin

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide