Asteburu gogorra Oriorentzat

Karkara 2016ko mai. 17a, 12:30

Argazkia: Iban Egiguren

6-0 galdu zuen lehen taldeak Anaitasunaren kontra eta sailkapeneko azken postuan jarraitzen du

Asteburu zaila izan da pasa dena Orioko Futbol Taldearentzat. Ohorezko erregional mailako taldeak partida gogorra izan zuen. Anaitasunaren kontra jokatu zuten eta bi taldeen arteko aldea nabaritu zuten, izan ere, aurkariak bigarren doaz sailkapenean. 6-0 galdu zuten oriotarrek. Hurrengo astean azken jardunaldia jokatuko dute Ostadar taldearen kontra.

Ohorezko jubenil mailako taldeak ere galdu egin zuen, Allerruren kontra. Eneko Genobak gol ederra sartu zuen, baina ez zen nahikoa izan eta 1-3 galdu zuten. Hurrengo denboraldian jubenilen lehen mailan arituko da taldea.

Kadeteek igoera faseko azken partida jokatu zuten errenteriako Touring taldearen kontra. Bigarren multzoko liderrak ziren aurkariak eta partidu ona jokatu zuten, baina 0-1 galdu zuten azkenean. Bosgarren postuan amaitu dute igoera fasea.

Ohorezko infantilak txapelketaren fasea jokatzen ari dira eta 1-1 egin zuten Lagun Onaken aurka. Joseba Zumetak sartu zuen gola eta joko ona egin zuen taldeak. Datorren asteburuan jokatuko dute faseko azken partidua, Ordiziaren kontra.

Infantil txiki mailako taldea izan da irabazi duen bakarra. 3-2 egin zuten Dunboa taldearen kontra eta Anartz Amilibiak sartu zituen hiru golak. Azken partiduan, hurrengo astean, ohorezko mailarako sailkapena jokatuko dute. Bigarren daude oriotarrak eta aurkaria, Hondarribia, hirugarren da sailkapenean.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide