Lourdes Salsamendi kultura zinegotziak aitatu bezala, Balearen Eguna Mutiozabalen berreskurapenarekin lotu nahi izan dute; eta, atzo iluntzeko hitzaldiarekin, hori egin zuten. Balearen Egunaren bueltan, Lourdes Odriozola gonbidatu zuten Oriora, Mutiozabal ontziolaren ontzigileen inguruko hitzaldia ematera.
Odriozola antropologoak aipatu zuenez urte mordoa daramatza ontzigintzaren eta ontziolen inguruan ikertzen, eta mutiozabaldarrek esparru horretan ekarpen handia egin dutela gaineratu zuen. Mutiozabaldarrek uberarik handiena Usurbilen utzi duela aipatu zuen, baina, hitzaldia Orion zenez, Orion izandako eraginaz hitz egitera mugatu zen. Orion, oraindik zutik dagoen ontziola daukagu, besteak beste.
Paperetan begiratzean, Mutiozabalen sei ontzigile ibili zirela zirudiela kontatu du Odriozolak. Baina, bere harridurarako, hiru besterik ez zirela izan gaineratu du. Harrigarria iruditu zaio antropologoari familiaren ekintzailetasuna, izan ere, ez zen soilik ontzigintzara lanetan aritu Mutiozabal familia. Ontzigintzaz gain, altzarigintzan eta eskabetxerian ere egin zuten negozioa.
Dena den, ekarpen handiena eta sendoena ontzigintzan egin zutela azpimarratu zuen. Ehun ontzitik gora eraiki zituen eta hori datu oso esanguratsua dela aipatu zuen, kantitate oso handia dela.
Bestalde, Mutiozabal familiari eskerrak eman nahi izan zizkion Odriozolak. Familiak dokumentu guztiak publiko egin baititu, eta, honela, ontzigintzaren munduan nahiz beste alorretan egindako ekarpenaren berri eduki dezakegu gaur egun. Dokumentuez gain, 500 plano inguru ere bilduta zituztela gaineratu zuen. Eta hori luxu bat dela esan zuen, oso gutxitan gertatzen den zerbait.
Jende ugari bildu zen Orioko kultur etxean, arratsaldeko 19:00etan. Ordu beteko hitzaldiaren ondoren, herritarrek hartu zuten hitza. Eskerrak eman zituzten, oro har, ontziola berreskuratzeagatik. Eta, aurrerantzean horri eman beharreko bizitasuna azpimarratu zuten. Herritarrek nondik datozen jakin dezaten, herriak arrantzarekin duen lotura ezagutzeko, ontziola biziberritzea aukera paregabea dela esan zuten bertaratutakoek.