Urtero antolatzen du Txinparta elkarteak Bisiguaren Festa. Aurten, ekainaren 4ean eta 5ean izango da; eta, bazkaltzeko eta afaltzeko aukera egoteaz gain, miniatura-sukaldaritza dastatzeko txoko bat ere izango da.
Zerkausian 600 lagun inguru biltzea espero da bisiguaren aitzakian. Parrillan, lanean, Orioko eta Tolosako parrilleroak arituko dira, ohi bezala.
Menuak 50 euroko kostua izango du. Antxoak gatzetan, tomate entsalada hegaluzearekin, Nafarroako zainzuriak, bisigua parillan eta bixigoxo postrea izango da jateko. Edateko ardoa, txakolina, ura eta sagardoa izango dira, baita kafea ere.
Egun horietan, Bisiguaren Festaz gain, ekainaren 4ean landare berezien azoka izango da, eta ekainaren 5a bitarte UNIMA Nazioarteko Txontxongiloen kongresua ere izango da Topic zentroan.