Amaiera faseko liderraren aurka, Elgoibarko Cometel taldearen aurka jokatu zuten denboraldiko azken partida Orioko Ikastolako eskubaloi taldeak. Oso indartsuak ziren aurkariak, baina ahal zuten guztia ematera joan ziren oriotarrak.
Partida ez zen oso ondo hasi, 6-1 galtzen jarri baitziren hasieratik. Baina taldeak ez zion partidari aurpegia galdu eta 5 goleko desabantailarekin iritsi ziren atsedenaldira. Bigarren zatia ere antzeko joan zen eta, momentu batean hiru golera jartzea lortu zuten arren, elgoibartarrak aldea ireki zuten. Azkenean 30-22 egin zuten.
Hala ere, sentsazio onarekin amaitu zuen partida taldeak, Gipuzkoako txapeldun izateko aukera handiak dituen taldearen aurrean partidu txukuna egin zutelako.
Denboraldia amaitu dute, baina datozen bi asteetan entrenatzen jarraituko dute neskek eta, gaur, maiatzaren 10ean, eta datorren asteartean, maiatzaren 17an, entrenamendu saio irekiak egingo dituzte. Eskubaloia probatu nahi duten LH6 eta DBH1 mailatako ikasleek egun horietan 17:00etan egin dezakete kiroldegian, inongo konpromisorik gabe.