Amaitu dute lehen AISA ikastaroa

Karkara 2016ko mai. 11a, 11:00

60 orduko ikastaro honek kanpotik etorri direnei lagundu die euskara ikasteko pausoak ematen. Urtarrilean hasi ziren.

Urtarrilean jarri zen martxan Orioko euskaltegian lehen AISA ikastaroa. Etorkinentzako harrera ikastaroa izan da, 60 ordukoa, eta euskara ulertzen eta hitz egiten hasteko lehen pausoak emateko balio izan die ikasleei. Hainbat jatorritako ikasleek eman zuten izena eta pasa den astean amaitu zuten ikastaroa. Esperientzia positiboa izan da ikasle guztientzat eta hurrengo ikasturtean euskara ikasten jarraitzeko asmoa erakutsi dute denek.

Vero, Mexiko:

Nire alaba Zaraguetan dago eta euskaraz ikasten ari da, eta nik ere behar hori sentitzen nuen. Orion euskara klaserik ba ote zegoen galdezka egon nintzen eta, halako batean, alabaren irakasleak esan zidan euskaltegia irekiko zutela herrian. Izena eman nuen berehala.

Euskara ikastearekin batera herriko bizitzan integratzen ari naizela uste dut, hemen egiten ditugun aurrerapenak nabaritzen ditut kalean. Gauza batzuk ulertzen hasi naiz eta horrek interes handiagoa pizten dit. Bestalde, alabarekin ikasteko eta berari ikasten laguntzeko balio dit euskarak.

Berta, Ekuador:

Urte batzuk daramatzat Aian bizitzen, alabak asko hitz egiten du euskaraz eta nik ere, Verok bezala, beharra sentitu nuen. Euskaltegia ireki zuten momentuan ezin izan nun izena eman, baina 60 orduko ikastaroa egingo zutela esateko deitu zidatenean poz handia hartu nuen.

Nik kalean asko nabaritzen dut aldea, lehen ezer ez nuen ulertzen eta orain zerbait ulertzen dut, erosoago sentitzen naiz. Nire kabuz ikasten saiatu nintzen baina ez nuen askorik ikasi, hitz solte batzuk besterik ez. Euskaltegi gabe euskaraz ikastea oso zaila dela iruditzen zait.

Elena, Venezuela:

Venezuelatik etorri naiz eta 5 hilabete daramatzat Orion bizitzen. Kanpotik datorren batek herrian integratu behar duela uste dut eta horretarako modu egokia iruditzen zait bertako hizkuntza ezagutzea. Badakit ez dudala zuzenean hitz egin edo irakurriko baina ongi dago ideia bat izan eta jendearekin erlazionatu ahal izatea. Ingurukoek gustura hartzen dute beren hizkuntza ikastea, gainera, hizkuntza berriak ikastea buruarentzat oso ona da.

Astean hirutan jubilatu taldearekin ibiltzera joaten naiz eta euskara ikasten ari nintzela esan nienean ideia bat izan zuten. Ibiltzera joaten garen egun bakoitzean txarteltxo bat ekartzen didate euskarazko hitz batekin eta marrazkitxo batekin. Horrela hitzak ikasten ari naiz.

Alex, Madril:

Lau urte daramatzat Orion eta hemen bizitzen geratuko nintzela jakin nuenean euskara ikastea erabaki nuen. Bestalde, hizkuntzak asko gustatzen zaizkit. Hemen toki guztietan hitz egiten da euskaraz eta bertakoekin lotura egiteko modua iruditzen zait. Orion egotea, euskaraz ikasteko beharra sortzen dizun leku bat baino, abantaila bat da hizkuntza ikasterakoan.

Euskara nahiko zaila dela ikusten nuen, nire kabuz hitz solteak ikasten saiatzen nintzen baina erraz ahazten nituen. Gero konturatu nintzen euskarak gaztelerak ez dituen hitz mota eta soinuak zituela eta, agian, horregatik izango zela. Gainera, askotan, kalean galdetzen duzunean zergatik esaten den zerbait horrela, ez dute jakiten azaltzen. Horrela da, izaten da erantzuna.

Uxoa, Zarautz. Irakaslea:

Irakasle bezala lehen esperientzia izan da helduekin, orain arte haur hezkuntzan aritzen nintzen. Otsailean hasi nintzen euskaltegian eta oso gustura nago. Oso ezberdina da haurrekin edo helduekin lan egitea, baina beti euskararen munduan mugitu izan naiz eta interesa nuen honetan. Oso esperientzia aberasgarria izan da ikastaro hau; ikasleak ez dira izan ikasi duten bakarrak, nik ere asko ikasi dut.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide