Ohorezko erregionalean aritzetik preferenten lehiatzera pasako da Orioko futbol taldea. Azken partiduan irabazi arren, 3-0 Touring taldearen kontra, azken postuan jarraitzen dute oriotarrek eta mailaz jaitsiko dira. 26 puntu besterik ez dituzte lortu. Lau puntura dute Getariako taldea eta sei puntura Ordiziakoa. Iaz emandako aurrerapausoari ezin izan diote eutsi aurten. Urrats bat egingo dute atzera oriotarrek eta preferenten arituko dira 2016-2017 denboraldian.
Erregional neskek kopako finalaurrekoa jokatu dute. Hauek ere Touring taldearen kontra jokatu dute, baina ezin izan dute mendean hartu Errenteriako taldea. 2-1 galdu dute. Ohorezko jubenilek Oiartzunen aurka jokatu dute. 4-0 galdu dute. Emaitza horrekin zaila jartzen zaie egungo mailari eustea. Kadeteek igoera fasea jokatu zuten eta hauek ere galdu egin zuten, bi goleko aldearekin, 4-2, Tolosaren kontra. Ohorezko infantilek ere gol askoko aldearekin galdu zuten, 5-1, Antiguokoren kontra. Donostiako talde indartsua nagusi izan zen partiduan.
Taldeko gazteenek emaitza hobeak lortu dituzte
Infantiletan berdinketa lortu zuten infantil txikiek igoera faseko partiduan. 2-2 berdindu zuten Amaikak Bat taldearen kontra. Emakumezkoek ere Amaikak Bat taldearen aurka jokatu zuten, etxetik kanpo, eta 1-3 irabazi zuten. Kimuek ere irabazi egin zuten Trintxerperen kontra, 3-2.