Porrot mingarriak partidu lehiakorretan

Karkara 2016ko mai. 5a, 09:09

Etxean jokatutako partiduak galdu egin ditu OBBk, Valentziako Fenix taldearen kontra

Asteburuko lehen partiduan Valentziako Fenix taldea izan zuten aurrez aurre oriotarrek. Ainara Larraza jaurtitzailearekin ekin zioten partiduari Orioko Bate Bizkorrek. Estu joan zen partiduaren hasiera, bi taldeak joku defentsibo akatsik gabea egin baitzuten. Markagailua, hirugarren sarrerara arte, hutsean egon zen. Hirugarren sarreran, etxekoek abantaila hartu zuten. 1-0 markagailuan. Seigarren sarrerara arte etxekoen alde egon zen partidua, 3-1 tartearekin jarri ziren markagailuan Bate Bizkorrak.

Baina seigarren sarreran, Fenix taldea indartsu azaldu zen eta eraso lan egokia egin zuten. Emaitza hankaz gora jarri zuten. Oriotarrak gogor saiatu arren, Etxeberriaren erreleboa eta Caicoyaren hirukoa ez ziren nahikoa izan emaitzari bira emateko. Partidua 3-6 emaitzarekin bukatu zen. 

Euria ere protagonista

Bigarren partidurako eguraldia aldatu egin zen. Euriak trabatu egin zuen partidua. Bi taldeetako jokoetan izan zuen eragina. Hala ere, Euskal Herriko klimak ez zituen Valentziarrak kikildu. Laugarren sarrerara arte emaitza parekatua egon bazen ere, kanpokoek gora egin zuten ondoren. 

Oriotarrek saiakerak egin zituzten markagailuan urbiltzeko eta Valentziarrei aurrea hartzea. Hainbat jokaldik bide eman zieten markagailua dantzan jartzeko, baina ez zen posible izan. 3-1 emaitzarekin bukatu zen partidua, Valentziarren alde.

Orioko Bate Bizkorrak taldeko kideek azpimarratu digutenez, azpimarragarria izan da Etxeberriaren eta Larrazaren lan defentsiboa jaurtitzaile paperean, baita Etxeberria, Caicoya, Muñio eta Oakleyren erasoko lana ere. 

Datorren asteburuan Madrilera egingo dute bidaia oriotarrek. Dridma Rivas Sofbol Club taldearen aurka jokatuko dute.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide