Benitoren kantuak ongi azaltzen du 1901 urteko maiatzaren 14an Orion gertatutakoa. Gertatua jarri zuten egiaren alde, eta kontatutakoa antzeztuko dute. Antzerkian 50 lagunek egingo dituzte aktore lanak, baina herri guztia izango da antzerkiko partaide; saregileak ere lanean izango baitira eta arraunlariak arrantzan, besteak beste, azaldu du Lourdes Salsamendi zinegotziak.
Antzerkia kanpai hotsarekin hasiko da. Horrek iragarriko du balea harrapatu zutela. Garai hartan hala izaten zen. Herrian zerbait gertatuz gero, kanpai hotsarekin iragartzen zen, azaldu du zinegotziak.
Antzerkia izango da Balearen Eguneko ekitaldirik garrantzitsuena, bost urtez behin errepikatzen dena. Iñake Irastorzak hartu du aurtengoan ere antzerkia egitearen ardura. Hiru bider ospatu den festako antzerkiaren gidaria izan da bi urtez. Aurten, hirugarren aldia izango du oriotarrak.
Egunsentian hasi eta ilunabarrera arte
Baina, antzerkiaz gain, beste hainbat ekitaldi izango dira maiatzaren 14an Orion. Goizean goiz, 10:30ean, Hondarribiko Hiru ahizpak batelaren botadura egingo da Mutiozabal ontziolaren aurrean. Ontziola erosi berri dute, eta horri protagonismoa ere eman izan nahi diote. Salsamendiren esanetan, errioari ere presentzia eman izan nahi diote. Horregatik, antzerkiaren ondoren, plazan sardinak eta sagardoa dastatzeko aukera izateaz gain, errioa protagonista izango duen bertso saioa izango da.
Berezia da saioa, aitortu du Salsamendik. Ez dut gehiegi azalduko, honela ez baita sorpresa izango. Baina, esan dezakegu hiru eszenatoki izango dituela saioak: errioa, udaletxeko balkoia eta plaza. Bertsolariak ere hiru izango dira: Uxue Alberdi, Jon Maia eta Xabier Sukia. Bertso saioaren aurretik, Orioko Xaltxerak talde feministak omenaldia egingo die saregileei. Merezi duten aitortza egingo diete Xaltxerek, irizten dio Salsamendik.
14:00etan Talai Mendi txaranga izango da plazan. Eguerdian herri bazkaria ere egingo da, Etxeluze gaztetxean. Bazkal ostean, Ttek elektrotxarangak girotuko du herria. 16:00etan hasiko dira kalez kale musika doinuak zabaltzen musikariak.
16:30ean 20 enbarkazio ibiliko dira ibaian barrena. 19:30ean dantza saioa egingo da dantza maisu batekin. Honela, herriko jendeak ere dantza egiteko aukera izango du. Salsamendik dioenez, bertaratzen diren guztiek izango dute dantzaldian parte hartzeko aukera.
Ondoren, iluntzean, kriseilu jaurtiketa egingo da plaza aurrean. Gure Esku Dagok antolatutako ekimena da hau. Kriseiluak jaurtiko dituzte, azaldu du. Baina festa ez da iluntzean bukatuko, ondoren erromeria eta DJak ere izango baitira.
Balea protagonista
Balearen eguneko protagonista da balea. Aurten, bale berria daukagu, azaldu du Joxe Anjel Zaldua alkateak. Euskal kostan izaten diren baleen itxura izaten ahalegindu gara, harrapatu zuten balearen berdina izaten saiatu gara. Uhaina Atxotegi teknikariak azaldu duenez, lanketa berezia egin dute balearen itxura ahalik eta errealena izateko. Harrapatu zutena bezala, honek ere 12 metro ditu.
Valentziako enpresa batek egin du balea. Duela egun gutxi ekarri zuten, azaldu du. Disney-entzat lan egiten duen enpresa bat da, eta balea puzgarri bat egin digu. Orain probak egiten gabiltza. Udaleko langileek dagoeneko egin ditugu probak, baina orain arraunlariekin egin behar ditugu.
Hamaika amu turistentzat
Oriok aukera zabala du turistentzat, izan gazte edo heldu, dio Salsamendik. Balearen egunaz gain, aste guztian zehar herrira etortzeko ekitaldi erakargarri ugari antolatu dituztela azaldu du. Besteak beste, maiatzaren 5ean, ostegunean, Tomax pailazoaren Txipli-txapla ikuskizuna; maiatzaren 7ko Benito Lertxundiren kontzertua; maiatzaren 11ko hitzaldia, Lourdes Odriozola antropologoak emango duena Mutiozabal ontziolari buruz; maiatzaren 12an, ostegunean, Euskal Baleen triskantza dokumentalaren aurkezpena eta egileekin solasaldia; eta, maiatzaren 13an, ostiralean, Zurezko ontzigintza belaunaldiz belaunaldi hitzaldia. Galiziako A Axola formakuntza eksolako Enrique Otero eta Xabier Agote Albaolako kideak emagno dute hitzaldia. Horrez gain, egun horretan, Talai Mendi txaranga kalez kale ibiliko da, motorrak berotzen
Zalduak azaldu duenez, Balearen Egunari lotutako ekintzez gain, maiatzaren 6an beste bi ekitaldi garrantzitsu izango dira herrian. Batetik, Bidasoako Itzuliko hirugarren etapa izango da, Orion hasi eta bukatuko dena. 14:30ak inguruan hasiko da etapa eta bi ordu inguruko iraupena izango du. Eta, horrez gain, Salatxo abesbatza Europako beste hainbat abesbatzekin batera arituko da kantuan herriko plazan. Ekimen hau Donostia 2016en barneko ekintza bat da, izan ere, Orio, 2016ko kide da.
Egiteko ugari izateaz gain, lo egiteko ere aukera zabala dago Orion zinegotziaren esanetan. Hotelak, aterpetxeak eta kanpinak, denetik dagoela azaldu du Salsamendik. Gonbita egin die kanpotarrei Oriora etortzeko.