Gaurtik aurrera, maiatzaren 3tik aurrera, Orioko eskubaloi taldeak entrenamendu irekiak egingo ditu. LH6 eta DBH1ean dabiltzen neska-mutilek eskubaloia probatzeko helburuarekin saio irekiak antolatu dituzte, hurrengo ikasturteari begira eskubaloia ere aukeretako bat izan dadin, eta taldeak jakin dezan interesa zenbatek duten.
Entrenamenduak maiatzaren 3an, 10ean eta 17an izango dira, 17:00etan hasi eta 18:30ak bitarte. Orioko Karela kiroldegian izango dira saioak eta aipatutako adinetako edonork hartu dezake parte. Taldekideek azpimarratu dute xedea ondo pasatzea dela eta horretara animatu nahi dituzte oriotarrak, kirola egiten ondo pasatzera.