Mikel Markez: "Maitasunak pertsona egiten gaitu eta nobletu egiten gaitu"

Karkara 2016ko api. 29a, 08:05

Gaur Orion izango da Mikel Markez. Indar bat dabil hor lana taularatuko du, argitaratutako azkena, baina baita denboraren joanean herrikoiak bilakatu diren kantuak ere. 

1989an egin zuen bidea irekiko zion lehen maketa. 20 urte betetzerako lehen diskoa kaleratu zuen, 1991n. 44 urterekin hamar lan ditu. Azkena, Indar bat dabil hor.

Kontzertua Indar bat dabil hor lanaren bueltan izango al da?

Bai, gehienbat bai. Baina tira, zenbait kantu zahar errekuperatuko ditut, ibilbide honi errepasotxo bat egingo diot. 

1989an lehen grabaketa egin zuen. Ibilbidea luzea da...

Emanaldiaren erdia azken diskoko kantuekin egingo dut. Erdia edo herena.  Eta, gainontzekoak, ibilbidekoak izango dira. Pare bat sorpresa ere izango dira, ez ditudanak esango, noski, bestela...

ez da sorpresarik izango. 

Hori da. Urteurren eta data hauetan gertatutako gertakari baten inguruan izango da.

Azken lanean giza baloreak aldarrikatzen dituzu. Baina ez azkenengoan bakarrik, guztietan, ezta?

Hori da interesatu izan zaidana. Egia esan, nik ez dut kantagintza ulertzen gizartearekiko atxikimendurik gabe, munduan gertatzen ari diren gauzen gaineko kezkarik gabe. Mundua zentzu orokorrenean hartuta, Orio bera ere mundua da, gu, gure giza harremanak... 

Nire kantagintza, behintzat, ez dut ulertzen hitz eta doinu ederren erakustaldi soil bat bezala. Gizarte bati, kultura bati eta izate bati erabat atxikita dago. Euskal Herriari, euskarari... oro har, gure gazi-gozo eta argi-ilunei. 

Musikak munduari begiratzeko betaurrekoak ematen al dizkizu?

Azkenean, nire musika ez da instrumentala. Kantua da gauzatzen dudan esparrua eta alor horretan hitzan daude. Hitzekin gauzak esaten dira. Beraz, aitzakia ezin hobea da kantua aldarrikatzeko.

Zein gairen inguruan duzu kezka egun?

Dudarik gabe Euskal Herria eta euskaldunon egoera. Betiko egoera amaitezina. Gure inguruko herrialde handiekin dugun gatazka. Gure kulturaren eta hizkuntzaren biziraupena. Uxue Alberdik egindako Konplize ditut eta kantua ere azken diskoan dago, eta kantu horretan emakumeok zuen artean duzuen konplizitateari eta gizonok zuekin dugun konplizitateari eginiko kantua da hori. 

Kezka sozialak eta kezka pertsonalak: maitasuna, giza harremanak... Guzti hori ere munduan egoteko modu bat da eta, ez dakit, maitasunak pertsona egiten gaitu eta nobletu egiten gaitu. Gertatzen da maitasun kantuekin, askotan, gutxietsi egiten direla. Agian ez gara konturatzen, edo konturatzen gara eta ez dugu onartu nahi, maitasunak egiten gaituela. Maitasunik gabe jendea gaixotu egiten da, eta hori zerbaiten seinale da.

Sarri, kantu horiek maitasun erromantikoa are gehiago plazaratzen laguntzen dute.

Egia da, askotan, maitasun kantuen badutela fama hori. Baina nik ez dut uste beti horrela denik. Nik aldarrikatzen dut maitasun kantuak egin behar direla, eta gure sentsibilitatea eta samurtasuna azaltzea ez dala lotsatzeko arrazoi edo gutxiesteko aitzakia.

Euskal Herriko gatazka ere aipatu duzu. Azken aldian emandako urratsak aurrera pausoak direla uste al duzu?

Askotan iruditzen zait irteerako laukian jarraitzen dugula. Txikitan antzara-jokoan jokatzen genuen, eta joko hori etortzen zait gogora gai honekin. Ematen du pauso batzuk ematen ari garela, baina nire sentsazioa da beti toki berean jarraitzen dugula. Ilusio berriak dauzkagu, baina... Ez dut ezkor itxurarik eman nahi, baina ez nuke faltsu itxurarik eman nahi ere.

Katalunian gertatzen ari denarekin eta Gure Esku Dago ekimenerakin, noski, nire postura ari denari eta saiatzen ari denari laguntzea dela, parte hartzea eta bultzatzea ahal dudan neurrian. Baina ez nuke esango egoera oso itxaropentsua denik. Badaude zantzu onak, baina baita txarrak ere. Horrela utziko nuke.

Uxue Alberdirekin elkarlana aipatu duzu. Lan berrian gonbidatuak gehiago ere badituzu: Xabier Amuriza, Josu Zabala, Aire Ahizpak, Alaitz Telletxea, Andrea Bidart, Benito Lertxundi…

Kantu bat egiten ari zarenean, begiratzen duzu ea zerk egingo dion on kantuari. Horien parte hartzea –hitzak egin dituztenena, musikariena...– bide horretan kokatuko nuke. Kantua ahalik eta hobetoen atondu nahi duzu eta komunikatzeko ahalik eta osagai onenak izatea nahi duzu. 

Amurizak Hertzainarentzat itzulpen bat egin zuen, eta hori berregiteko eskatu nion disko honetarako. Uxueren kasuan, berak bidali zidan kantuaren letra. Bide horretan gertatzen diren harremanen eta aukeren arabera sortzen dira kantuak. Nik uste dut kantuek aukeratzen gaituztela gu. Gu bila aritzen gara, antena batzuk baiginan, eta kantuek gu hautatzen gaituztela uste dut.

Orioko zuzenekorako Arkaitz Minerren konpainia izango duzu

Instrumetu asko jotzen ditu Arkaitzek. Gaur, Arkaitzek, bibolina, mandolina eta gitarra joko ditu. Pertsona bikaina eta samurra izateaz gain, musikari handia da. Formatu txikiko kontzertuak goxo egiteko konpainia ezin hobea da, emanaldiari eta kantuei kolore pintzelkada desberdinak ematen dizkio eta. Primerako laguntzailea da.

Kontzertua intimoa, gertukoa izatea nahi duzu? 

Hori da kantaldi honetan bilatu nahi dudana. Euskal Herria, neurri handi batean, hori esan dezakegu. Beste kultura batzuekin alderatuta, gurea txikia da. Txikiak baditu bere desabantailak, baina baita abantailak ere. Abantailetako bat gertutasuna da. Gure ezaugarrietako bat da. Jendea parte hartzera gonbidatzen dut!

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide