Eleuteria Salsamendi Bengoetxea, Manuel Ferru zenaren alaba gaztea, hil zen pasa den apirilaren 23an, larunbata, 85 urte bete berri zituela. Gerra zibiletik ihesi, Oriotik Capbretonera –Frantziako Landetan– erbesteratu zen familia osoa, eta inguru hartan bizi izan ziren geroztik.
1936an, Manuel Salsamendi aitak, Oriotik ihes egin zuen, militar kolpistak herrian sartu aurretik. Donibane Lohitzunera joan zen baporean, beste hainbat oriotarrekin batera. Emaztea eta lau seme-alabak Orion geratu ziren. Eleuteriak 5 urte zituen orduan.
Ferruk Donibane Lohitzunen hilabete batzuk zeramatzala, Capbretoneko arrantzaleak bila joan zitzaizkion. Jakin zutela Oriokoak sardinaren arrantzan trebeak zirela eta ea erakutsiko zien. Hala, Landetara joan zen Ferru, eta bertan geratu lanean.
1942an, gerra zibila amaitu eta hiru urtera, beste gerra batek harrapatu zuen Eleuteriaren aita: bigarren mundu gerrak. Mugalari ibili zen garai hartan, iheslariei laguntzen. Berarekin aritzen zen lagun baten bitartez, gutuna bidali zuen Oriora. Gutun hartan familia osoak muga gainditu eta aitarekin elkartzeko argibideak zeuden.
Iñaki Iturainek, Gerra bat barruan degula liburuan, familia Oriotik nola atera zen kontatzen du: Oriotik inori ezer esan gabe abiatu ziren, amak poltsa txiki bat besterik ez zeramala. Uztaileko egun ederra zen. Haurrei esan zien bisita egin behar ziotela Irunen osaba bati. Egia, zaharrenak bakarrik zekien, Antoniok, hamasei urte zituen orduan. Trenez joan ziren Pasaiaraino. Hango etxe batean ordu batzuk pasatuta, iluntzean, automobil zahar batek eraman zituen Hondarribiraino. Han gizon bat zuten itxoiten, eta errekako txoko ezkutu batean txalupa bat. Angularen kontrabandoan zebilen gizona zen. Inguruan inor ez zela aseguratu zenean, esan zien txalupan sartzeko. Ilunpetan, arraunean hasi zen. Irungo zubipera iritsi zirenean, halako batean, zubi gainean soldaduak ikusi zituzten, Gestapoko soldadu alemanak. Ikaratuta edo, txalupariak salto egin zuen uretara, iheslariak han utzita. Anai zaharrena eseri zen haren tostan, berak heldu zien arraunei, eta poliki-poliki, txalupa ezkutatu egin zuen kanabera batzuen aterpean. Soldaduak ez ziren konturatu. Aurrera segitu zuten eta handik gutxira, lehorretik seinale bat sumatu zuten, argitxo bat. Hari jarraituz, moila txiki batera ailegatu ziren. Han, aitaren lagun bat zuten zain.
Handik bi egunera iritsi ziren Capbretonera eta aitarekin elkartu, portuan. Gerra bukatu eta gero, bizitza berri bat hasi zuten, bakean, eta aitak gerra garaian muga pasatzen lagundutako bi gazte paraxutistei esker, frantses nazionalitatea lortu zuten. Gerora, urteak pasatuta, oporretan-eta Oriora etortzen hasi zen Eleuteria.
Eleuteriak lotura estua zuen herriarekin. Aspaldiko urteotan, urtero etortzen zen, uda garaian, jaioterrira; lagun asko zituen bertan. Familiak asmoa du laster batean haren errautsak Orioko itsasoan zabaltzeko, haren senarra zenarenekin batera.
Bego bakean!