Farmazian lizentziaduna da eta Ikerkuntza eta Garapenean masterra du. Ikerketa eta Garapen zuzendaria da berak, beste bazkide batekin, sortu duen enpresan eta profesional erreferente gisa saritu du ASPEGI Gipuzkoako Emakume Profesional eta Enpresarien Elkarteak. Kontuan izateko ibilbidea du Arantza Murianak –Donostia, 1976–.
Egiten duzun lanagatik saritu zaituzte. Zein da zure lana?
Ikerketa eta garapeneko zuzendaria naiz enpresa bioteknologiko batean eta, horrez gain, enpresako sortzaileetako bat eta zuzendarikidea naiz. Enpresa farmazeutiko, kimiko edo kosmetikoek dituzten konposatuak aztertzen ditugu toxikotasun eta efikazia aldetik animalia alternatibo batean: zebra arraina.
Zer berezitasun dute zebra arrainek?
Normalean arratoiekin, saguekin, txakurrekin edo txerriekin egiten dira entsegu edo testak. Baina 10 edo 20 urteko entseguak izaten dira eta kostu oso handikoak. Arrain zebrak animalia mailako informazioa ematen dute, baina, enbrioiekin lan egiten dugunez –zelulen tamainakoak–, zelulekin erabiltzen diren ekipamendu eta teknikak aplikatu daitezke. Horrek, ikerketa erraztea, denborak murriztea eta kostuak txikitzea dakar.
Ikerketan behar bezain beste inbertitzen dela uste al duzu?
Ezetz uste dut. Egia da, duela 10 edo 15 urte, ikerkuntzaren alde apustu handia egin zela Euskal Herrian, batez ere bioteknologian. Laguntza handiak eman ziren eta enpresa berri asko sortu ziren, tartean gurea. Baina krisiak guri ere eragin digu eta, alde guztietan gertatu den bezala, ikerkuntzan ere murrizketak egon dira. Eta, ikerketa egiten duten enpresa txikiek babesa behar dute, ez soilik hasieran. Bost urte baino gehiago eustea zaila da enpresentzat.
Gure kasuan, hala ere, ez dugu inbertsio falta hori hainbeste nabaritzen. Ez gara laguntzez bizi, multinazional handiak dira gure bezeroak. Gure analisiak oso berritzaileak dira eta beti gaude teknologia berriak aplikatzen. Horregatik, enpresa handiek Biotek enpresa txikiak kontratatzen dituzte, berak ezin baitute denean inbertitu.
"Badaude ikertzaileentzako laguntzak, baina gutxi dira eta gehienak entitate publikoetarako dira, ez enpresa pribaturako"
Ikertzaile askok kanpora joan behar izaten dute.
Euskal Herrian ikerketan lanean gauden gehienak enpresa txikiak gara, eta lehen esandakoak itxi zirenean jende askok atzerrira joan behar izan zuen ikerkuntzan lan egiten jarraitzeko.
Badaude ikertzaileentzako laguntzak, baina gutxi dira eta gehienak entitate publikoetarako dira, ez enpresa pribaturako. Guk, beraz, ezin ditugu laguntza horiek eskatu ikerlariak kontratatzeko.
Zuzendari/profesional onenari saria eman dizu ASPEGIk.
Ez nuen espero, inondik inora. Bizkaian eta Araban urteak daramatzate sari hauek ematen eta lehen aldia da Gipuzkoan ematen dituztela. Hunkigarria izan da niretzat; gainera, nirekin batera saritu duten emakumeak sekulako ibilbide profesionala du nire aldean.
Emakume enpresarien ikusgarritasuna eta errekonozimendurako egiten du lan ASPEGI elkarteak. Beren lana beharrezkoa dela uste al duzu?
Ez luke hala izan behar, baina oraindik parekidetasuna ez da iritsi arlo askotara. ASPEGIren ideia, sariak ematerakoan, erreferenteak ematea da. Ikasleek, karrera hasten ari diren emakumeek ikustea badirela ibilbide bat duten emakumeak eta berak ere hori egin dezaketela. Ez dezatela pentsatu aukerarik ez dutenik.
Emakume eta enpresari bezala, zein da zure esperientzia?
Gure bezeroen zati handiena atzerrian dago, beraz, asko bidaiatzen dut lanagatik. Hori familiarekin uztartzeko esfortzu handia egin behar da. Nik bi alaba ditut eta eguneroko bizitzan parte hartzen dut. Bestalde, etxekoen babesa dut egin dugun apustu honetarako eta horrek asko errazten dizkit gauzak.
Etxetik kanpo, lan munduan, nabaritzen al dituzu desberdintasunak?
Ikerkuntza mailan emakumeak gara gehiengoa, baina, zuzendaritza mailan kontrakoa gertatzen da. Enpresatako kontseiluetan gehienak gizonezkoak dira, gure enpresan bertan, adibidez, emakumezkoak baino gizonezko bat gehiago dago kontseiluan..
Zeintzuk dira zure erreferenteak?
Txikitatik ikerlaria izan nahi nuen eta Marie Curie izan zen eredu bat niretzat, Nobel saria jaso zuen lehen emakumea izan zelako. Bioteknologia arloan Cristina Garmendia, zientzia ministroa izan zena ere eredua izan da niretzako. Baina erreferente nagusiak etxean izan ditut: gurasoak. Lan handia egin dute beti eta, berek erakutsi zidaten lan eginaz lortzen direla gauzak, eta hori da nire alabei transmititzen diedana.
