Munduaren zatitxo batzuetan, neskatilek, bizimodu hobeago bat izatea desiratzen dute, eta nahia errealitate bihurtzeko, seme alabak, sendia eta etxea uzten dituzte bidai amaigabe bat abiaraziz.
Gurera iritsita, ametsak kalbario bihurtzen dira eta emakume etorkinek bazterketa bikoitza sufritzen dute; bata emakume izateagatik eta bestea etorkin izateagatik. Emakume etorkinen etorrera asko igo da azken urte hauetan, kapitalista, patriarkala eta arrazista den gizarte honek emakumearentzat inposatzen dituen lan kargak handitu egin direlako, duintasun minimoetara iristen ez diren lanpostuak sortuz.
Emakume etorkinak gehien bat lege bidez iristen dira gurera, lan baimenak edota famili biltzea argudio hartuta, baina ondoren, legezko administrazio egoera lortzeko, gizonezkoek baino arazo gehiago izaten dituzte.
Etorkin orok hiru gatazka nagusi sufritzen ditu; bere herria galtzea, arrotza zaion hizkuntza batekin topo egitea eta kode sozial berriekin aurkitzea, non sarritan, berak dakartzanekin talka egiten duten. Eta errealitate horretan beren identitatea eraiki behar dute. Posible al da testuinguru horretan nortasun bat sortzea? Nola sortu uneoro mendeko dauden testuinguru horietan erlazio sozialak?
Eider, munduaren zatitxo honetan, aldiz, neskatilek, argalak eta ile luzedunak izatea amesten diten. Hau al dinagu urteetako emakumeon borrokaren ondare? Balore horiek transmititu al dizkinagu? Nola ikusten dun?
Arrazoi dun Anuska! Gure jendarteko neska askok argal eta ile luzea izatearekin amesten diten, baina ez dinat pentsatu nahi hau borroka feministaren ondarea denik, patriarkatuaren estrategia sotil eta eraginkor bat baizik, gu espazio sozio-politikoetatik atera eta boterea gizon batzuen eskuetan jarrai dezan.
Nik ere eman zizkionat buelta batzuk inkoherentzia honi, batez ere, emakume etorkinekin egoteko aukera izan dinatenean eta hauek beren bizi esperientziak kontatu dizkidatenean; jasaten zuten indarkeria matxistari ihes egiteagatik etortzea erabaki izana, beren familia eta ingurukoei bizitza hobetzeko aukera ikusi izana, lesbianak izan eta beren bizitza askatasunean bizi nahi izateagatik migratu izana edo mundua ezagutzeko gogoz abiatu izana. Beren bidaiak ere kontatu dizkidate batzuk, zailtasunez gainezka beti eta indarkeria jasaten batzuetan. Eta azkenik, kalbario guztia pasa ondoren gure herrira iristen dira, bideak mereziko zuenaren esperantzarekin. Baina hemen, hik dion bezala, gure gizarte kapitalista, patriarkal eta arrazistarekin topo egiten diten.
Eskerrak emakumeok antolatzeko gaitasuna dugun! Atzo bertan harrituta gelditu nindunan, Gipuzkoako emakume etorkinen elkarte batek, egoera larrian dauden emakume etorkinentzat, larrialdiko pisu autogestionatu bat martxan dutela jakitean. Emakumeen arteko babes eta laguntza eredu bikaina!
Hau da jarraitu beharreko eredua, gure arteko sareak indartu eta gizarte honetako baloreak eraldatuz!