Oriotarrak euskal parrillaren erakusle

Karkara 2016ko mai. 2a, 06:43

Argazkiak: Ondojan

Biarritzen izan ziren Orioko parrilleroak apirilaren 25ean, ia hilabetera izango zen Euskal parrilla ekimena aurkezten. Chateau d' Arcanguesen izango da gastonomia jardunaldia.

Astelehenean, Biarritzeko Hotel du Palaisek Euskal Herriko parrillerorik onenak hartu zituen. Antolatzaileek esanetan, Orioko parrillero entzutetsuenak eta horien Tolosako kideak bildu ziren iparraldean. Joxe Mari bodegoiko Mikel Manterola, Xixarioko Luis Mari Uranga eta Katxiñako Jose Miguel Zendoia izan ziren gastronomia jardunaldiaren aurkezpeneko ordezkari oriotarrak. Tolosatik, Casa Nikolas jatetxeko Pedro Ruiz eta Casa Julian jatetxeko Matias Gorrotxategi joan ziren Baionara. 

75 euro ordainduta, parrillan kozinatutako menua dastatu ahal izango da. Menua ondorengoa da: zubelzu gilda Orioko antxoarekin eta gordal azeitunarekin.Tolosako merkatuko produktuekin eta  baserriko arrautzekin egindako perretxiko eta barazki nahasia. Tolosako babarrunen krema. Bisigua Orio estilora. Goya txuleta Tolosa erara, piperrekin. Idiazabal gazta eta Pantxineta. Katxiñako txakolina eta Errioxako ardoa ere izango dira.

Ekitaldia Roberto Ruizek, Tolosako Frontoi jatetxeko jabe eta sukaldariak antolatu du. Eta aurkezpenean izan ziren Olatz Peon, Tolosako alkatea eta Jose Angel Zaldua. Zalduak parrilleroen lana eskertu zuen, besteak beste. Ekitaldia maiatzaren 27an izango da, eta iparraldeko biztanleei zuzenduta antolatu duten arren, edonor joan daiteke. Interesa duenak parte hartuko duen edonorekin hitz egin dezake, erreserba nola egin jakiteko.

 
 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide