Bi bandera Euskadiko Txapelketan

Karkara 2016ko api. 25a, 07:52

Larunbatean sailkapen estropadak jokatu ziren eta igandean finalak. Orioko sei taldek hartu zuten parte txapelketan eta finalera lau iritsi ziren. Lau horietatik bik bandera irabazi zuten.

Igandean Euskadiko Txapelketako finalak eta kontsolazio txandak jokatu ziren Legution. Lehen lau postuak finaletan erabaki ziren, eta bosgarren postutik zortzigarrenerako sailkapena, kontsolazio txandetan. Orioko lau ontzik finaletan hartu zuten parte eta beste bi batelek kontsolazio txandan hartu zuten parte. 

Finaletan bi bandera lortu zituen Oriok. Emakumezko kadeteek irabazi egin zuten estropada eta Euskadiko txapeldun izendatu ziren. Batel horren patroia Saioa Sayaho izan zen eta arraunlariak Ane Arruti, June Arruti, Edith Uranga eta Niobe Ferreira.Ordezkoak Luda Davidenko eta Arhane Azkue izan ziren. 

Emakumezko jubenilak txapeldunak ere bandera astindu zuten. Saioa Sayagoren gidaritzapean Naroa Eizagirrek, Eztibalitz Goñik, Udane Hoyosek eta Aroa Fernandezek egin zuten arraun. Arhane Azkue eta Sarai Idigoras izan ziren ordezko patroiak.

Gizonezko kadeteek 57 zentesimagatik bigarren egin zuten. 6:57:03 denborarekin txapeldun izendatu zen Itsasoko Ama batela. Orio bigarren sailkatu zen, 6:57:60 denborarekin.

Emakumeko infantilek hirugarren egin zuten, 6:28:62 denboran geldituta kronometroa, irabazlearengandik 30 segundora. Irabazlea Hibaika izan zen eta bigarren postuan Tolosaldeak egin zuen. 

Kontsolazio txandan garaile

Bi ontzik hartu behar zuten parte kontsolazio txandan, gizonezko infantilek eta jubenilek. Baina, igandean, jubenilek ez zuten parte hartzeko aukerarik izan, arazo fisikoak izan baitzituen arraunlari batek. Infantilek parte hartu ahal izan zuten eta estropada irabazi zuten, beraz, 5. postuan bukatu zuten txapelketa. 

Espainiako Txapelketa Galizan

Datorren asteburuan Vigon izango dute hitzordua arraunlariek. Espainiako Txapelketa jokatuko da Galizan. Orioko hiru ontzik hartuko dute parte txapelketan: emakumezko kadeteek, emakumezko jubenilek eta gizonezko kadeteek.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide