"Jolasa bizitzaren aurrean jarrera ludikoa izatea da"

Karkara 2016ko api. 22a, 08:11

Elena Cruzesek eta Julian Magunak lanean gozatu egiten dute, jolastu. Eta jolasa ardatz hartuta Kimabek antolatutako ikastaroa gidatuko dute asteburuan. 

Imagine Elephants izeneko proiektua transmedia jarri zuten martxan, bat-bateko jolasean oinarrituta. Jolasaren garrantzia azpimarratu nahi izan dute proiektuarekin eta Orioko lagunei transmititu nahi diete asteburuan zeinen inportantea den jolasak gure bizitzetan duen papera.

Jolasen garrantziaz arituko zarete asteburuan, Orion. Zein da tailerraren funtsa?

Julian Maguna: Imagine Elefants izeneko proiektua daukagu. Hasiera batean, dokumental interaktibo bat egitea zen asmoa, jokoen gaineko oinarri teoriko bat izango zuena eta gaurkotasunezko argazki bat egingo zuena. Horren harira, formakuntza tailerrak ematen ari gara. 

Hezkuntzarekin harremanetan jartzen duzue jokoa?

Maguna: Badu harremana, baina gehiago bizitzarekin du lotura, jolas espontaneoaren garrantziaz aritzen baikara. Tailer horiek emateko gurekin jartzen dira kontaktuan. Herri bateko talde eragile bat, ikastetxe bat... toki ezberdinetatik egin diezagukete eskaria. Kasu honetan, Kimabetik deitu digute 12 ordu inguruko tailerra emateko.

12 ordu horietan zein dira jorratzen dituzuen gaiak?

Maguna: Tailer guztiak ezberdinak dira, joaten direnen beharretara eta interesetara moldatzen baititugu. Bilera baten moduan planteatzen dugu. Zati bat talde handian egiten dugu, guztiok lantzen dugu; eta, gero, talde txikiagoetan  banatzen gara, arreta gehien ematen dioten hori lantzeko. Guk ez dugu errezetarik ematen, klase magistralik. Guk hausnarketa sakoneko guneak planteatzen ditugu. 

Irakasle taldeek, gurasoek, haurrek, helduek... denek dute tokia. Helduek ere jolasten dugu, nahiz eta hori askotan ahaztu egiten zaigun. Jolasa ardatz hartuta, hainbat gai lantzen ditugu.

Akaso beste modu batera jolasten dira helduak?

Maguna: Helduek ez dutela jolasten esaten dugu maiz. Ez dakigu: ez duten jolasten edo ez duten lortzen jakitea zer den jolasa. Jolasa eta dibertsioa nahasten dituzte maiz. Nik esango nizuke ia heldu guztiek jolasten dutela, baina ziurrenik ez dutela uste jolasten ari direnik.

Elena Cruces: Helduekin zaila da. Jolasten dugu, bai; baina, ziurrenik, ez dugu behar edo nahi adina jolasten.

Zergatik?

Maguna: Jolasa izatez peioratiboa da, gutxiesgarria. Jolasten ari bagara denbora galtzen ari garela uste dugu. Zuk uste duzu zure lana jolasa izan daitekeela, eta hori pentsatuz gero, askok, alferra zarela pentsatuko dute. 

Cruces: Kontua da, espainieraz, jolasaz hitz egiteko hitz bakarra daukagula: juego. Beste hizkuntza batzuetan hitz gehiago daude jolasaz hitz egiteko. Guk, beti, juego esaten dugu. Baina guk aipatzen dugun jolasa ez da ezkutaketa jolasa, adibidez, baizik eta zure bizitzeko bultzada aurkitzea jolasaren bidez. Jolasa, zure barne-barnean gustatzen zaizun horrekin topo egitea da. Helduok sarritan egiten dugu hori.

Imajinatzen dut zuk lanean ere, askotan, jolastu egingo duzula. Baina hori ez dugu ulertzen jolasa balitz bezala. 

Eta zergatik uste dugu jolasa eta lana ezkondu ezin diren bi kontzeptu direla?

Cruces: Nik uste dut ezkondu daitezkeela. Julian eta biok Imagine Elephantsekin lanean ari gara, eta, aldi berean, jolasean. Baina hainbat faktore daude jolasean eragina daukatenak. Adibidez, zuk helburu jakin bat baldin badaukazu, eta bai edo bai lortu behar baduzu, prozesua ez duzu gozatuko helburu hori izango ez bazenu disfrutatuko zenukeen bezain beste. Dagoeneko ez baita jolasa.

Muga horiek sarritan jartzen ditugu lanean. Presio hori. Eta horrek zaildu egiten du jolasa. Gozatu beharrean, esperientziaz ikasi beharrean, ondo markatutako helburu horiek hartzen dute garrantzia.

Jolasa positiboa da, orduan.

Maguna: Jolasa bizitzeko modu bat da. Gizakiak daukagun bultzada naturala da. Teorian, gero eta garrantzitsuagoa da jolasa; baina, praktikan, gero eta espazio eta aukera gutxiago daude horretarako. Gero eta zailagoa da benetako jolas hori praktikan jartzea.

Zer da benetako jolas hori, bada?

Maguna: Barrutik ateratzen den hori. Inposatua ez dena, kanpotik etortzen ez dena. Asebete egiten zaituen jolas hori da, zure helburuak betetzen laguntzen zaituena. Bizitzaren jolasa da, jarrera ludikoa izatea bizitzaren aurrean.

Labur esanda, jolasa jarrera bat da.

Cruces: Bai, hori da. 

Maguna: Imagine Elephants dokumentala egiteko ikerketa lanetan genbiltzala, jolasteak gizakiarengan zer eragin duen aztertzen zuen jendea ezagutu genuen. Eta hori enpresetan txertatzen zuten, helduekin. Gero eta enpresa gehiagok erabiltzen dute hori, motibazioa lantzeko eta produkzioa hobetzeko, noski.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide