Lehenik eta behin, zorionak.
Elena Errasti: Eskerrik asko.
30 urte, ez dira gutxi...
Errasti: Gutxitik gehiagorako ibilbidea izan da, zentzu guztietan. Oso-oso gazte hasi nintzen ni, duela hogei urte. Urte asko dira. Oso gaztetxoak ginen. Ordutik hobetzen joan gara, gero eta hobeto gaude.
Olaia Askasibar: Nik hamazazpi urte daramatzat hemen.
Eta zuek hazi zareten bezala, musika eskola ere hazten joan da, beraz...
Errasti: Nik baietz uste dut. Alor guztietan, gainera. Herrian indartzen joan da, udaletxean ere bai, musikalki ere bai... Bidean zoazela zer falta den jakiten duzu, ohartzen zara zer den falta dena, eta hutsune horiek betetzen joaten zara. Behar horiek lortzen joan ahala loratzen joan gara.
Musika zaletasun handia al dago Orion? Musika Eskolak eragin al du lehendik zegoen zaletasun hori hauspotzen?
Errasti: Aldatu egin da zaletasuna. Musika eskola sortzerako, herrietan kastako zaletasuna zegoen. Musu-truk egiten zen, musika maitatzen zelako. Patxi Danbolin bezala, berak baitzen herri guztiaren irakaslea. Zaletasun hori aldatu egin da. Gaur egun hori ez da horrela bizi. Jotzeko zaletasuna badago, bai; baina gizartea eraldatu egin den heinean musikarekiko zaletasuna ere aldatzen joan da.
Danbolinen zenbat musikazale, hau da, zenbat ikasle daude?
Errasti: 375 inguru gara.
Dantza musika eskolaren barruan eskaintzearen arrazoia zein da?
Errasti: Dantza jarri zuten urtean sartu nintzen ni. Uste dut dantza zaletasuna eta musika zaletasuna bateratu nahi zirela. Bultzada bat izan zuen orduan dantzak, baina tira, ni ez nintzen izan iniziatiba izan zuena. Musika irakasteko adina jaistea ere ni baino lehenago zeudenek proposatu zuten.
30 urtetan irakasteko modua aldatuko zela imajinatzen dut...
Errasti: Dudarik gabe. Orain, XXI. mendean, teknologiari lotuta dago guztia. Horrek niretzat abantailak eta desabantailak ditu. Negatiboa da haurrek mugikorrera lotuta daudelako. Mugikorrak oso erraz dominatzen dituzte. Instrumentu bat dominatzea zailagoa da, ordea; eta, konstantziarik ez baduzu, ez duzu dominatuko. Asko-asko harrapatu behar du ikaslea instrumentuak mugikorra ordezkatzeko.
Alde horretatik negatiboa da. Baina, bestalde, teknologiak ate ugari zabaldu dizkigu. Aukera mordoa ematen ditu.
Egun egoera osasuntsuan al dago Danbolin?
Errasti: Osasuntsua, bai. Horren adierazle da matrikulazioa. Ez dugu beherakadarik izan. Krisi garaian ere mantendu egin gara eta hori positiboa da.
Nerabezaroa oso garai kritikoa izaten da guretzako. Askok utzi egiten dute orduan. Baina, asko, utzi eta gero, itzuli egiten da. Batzuk ez dira bueltatzen, baina beste asko bai. Horrek poza handia ematen du.
Eta sekula jo ez duen jendea animatzen al da?
Errasti: Bai, gero eta gehiago. Jendeak uste zuen musika eskola haurrentzat zela. Ez zekin hau guztientzat zela. Adin desberdinetako jendearentzat daude hemengo ateak irekita. Nahiz eta pentagrama bat irakurtzen ez jakin, etor zaitezke, eta ikasi dezakezu edozein instrumentu jotzen.
Ikasleen artean adin desberdintasun handia dago, hortaz.
Errasti: Bai. Txikienak 4 urte ditu eta zaharrenak, gutxi gorabehera, 70 urtetik gora ditu. Noski, piramide forma du, gero eta zaharrago, gero eta ikasle gutxiago. Baina hori normala da. Poz handia ematen du jende heldua musika jotzera animatzen dela ikusteak.
Gero eta hobeto zaudeten arren, beharrak izango dituzuela imajinatzen dut...
Errasti: Ikasturtez ikasturte begira aritzen gara ea zenbatek ematen duten izena eta ea zenbatek uzten duten. Izan ere, egungo ikasle kopuruari eutsi behar izaten diogu lan talde berdinarekin jarraitu ahal izateko.
Eskatzea beti da libre. Eta, eskatzen hasita, gustatuko litzaidake begira aritu behar ez izatea eskatuko nuke. Buruhauste hori ez izatea.
Askasibar: Ziurrenik hori dela lan honen zati negatiboa. Iraila arte ez duzu jakiten zenbat ikasle izango dituzun. Ez jakintasun hori izaten dugu.
Errasti: Ditugun taldeek ere arrisku hori izaten dute, taldea desagertzekoa. Izan ere, normalean, batek uzten badu, atzetik bik edo hiruk uzten dute. Hemen ere lagun taldeak egiten dituzte eta, askotan, multzoka funtzionatzen dute. Hori gertatuz gero, taldea kili-kolo uzten dute.
Askasibar: Hortaz, ikasturte bakoitzean zer daukagun ikusi behar izaten dugu, gu antolatzeko.
Errasti: Baina, tira, horrek ere badu alde ona. Daukazun taldearekin dena ematera derrigortuta zaude, berengatik bada ere.
Zuen ekitaldiek harrera ona izaten dute. Kultur etxea jendez betetzen da normalean. Horrek asko poztuko zaituzte, ezta?
Askasibar: Asko pozten gaitu, asko.
Errasti: Gurasoek haurrak hemen utzi eta alde egiten dute. Ez dakite lau pareta hauetan zer gertatzen den. Kontzertuetan, behintzat, ikusi ahal izaten dute eta berak interes ugari adierazten dute. Hori pozgarria da.
30. urteurrenaren aitzakian festa antolatu duzue asteburuan.
Errasti: Bi eguneko festa antolatu dugu. Ostiralean –gaur– kontzertua eskainiko dugu. Aurtengo ikasturteko ikasle talde bakoitzak kanta pare bat joko ditu. Jotzen duen hori berezia izango da, ordea, ez ohi bezalakoa. Gainera, Arraunetxean egingo dugu. Normalean kultur etxean egiten dugu, baina espazio arazoak izaten ditugu eta oraingoan Arraunetxean egingo dugu.
Larunbatekoa festa izango da. Goiz goizetik hasiko gara eta egun guztia hartuko du. Eguna jotzen hasiko dugun arren, eta kantatu ere egin beharko duten arren, jai giroa nagusituko da. Ostiralekoa serioa izango da, jotzen disfrutatzea nahi dugu, baina seriotasunez; larunbatekoan, ordea, ondo pasatzea da helburua.