Lege berria salatzeko, bizikleta martxa

Karkara 2016ko api. 14a, 08:42

Asteartean Oriotik pasa ziren suhiltzaileak, lege berriaren kontrako bizikleta martxa abiatu baitzuten egun horretan.

Suhiltzaileen bizikleta martxa antolatu dute, lege berria salatzeko. Izan ere, Suhiltzaileen Lege Berria onartu nahi du Eusko Jaurlaritzak, eta, suhiltzaileen ustetan, legeak ez dio egungo arazoei irtenbiderik ematen. Beren iritziz, zerbitzua okertuko luke lege berriaren inplantazioak. 

Besteak beste, lege proiektuan ez da lanbidearen zehaztasunik agertzen. Ez dira suhiltzaileen ardurak eta lan eremuak adierazten. Eta berak, hori eskatzen dute, zehaztasuna. Sute bat dagoenean zenbat suhiltzailek joan behar duten, zenbat denboran iritsi beharko luketen eta abar jakitea gustatuko litzaieke. Horrez gain, suhiltzaile etxeak 24 orduz zabalik egotea beharrezkoa iruditzen zaie. Eta, amaitzeko, lanaldi murriztuko suhiltzaileen figura ere agertzen da lege berrian. Horrek zerbitzua okertuko luke, suhiltzaile horiek ezingo baitituzte lan osagarriak egin: mantenua, formazioa...

Legearen hutsuneak salatzeko bizikleta martxa antolatu dute, Eusko Jaurlaritzari lege-proiektua bertan behera uzteko eskatzeko. Asteartean hasi zuten martxa eta ostiralean bukatuko da. Asteartean 11:00etan hasi zuten ibilbidea, Irunen. Donostia pasa ondoren Oriora etorri ziren, eta, Oriotik Zarautzera joan ziren. 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide