Orioko Udalak eta UEMAk errenta-aitorpena euskaraz egin ahal izateko kanpaina jarri dute martxan, urtero bezala. Izan ere, errenta-aitorpena euskaraz eginda, administrazioaren euskalduntzea bultzatzen da eta euskarari bide berriak irekitzen zaizkio.
Gero eta gehiago dira Orion errenta-aitorpena euskaraz egiten dutenak. Iaz herritarren %19,28ak egin zuen aitorpena euskaraz. Azken urteetako daturik onena izan zen pasa den urtekoa. Baina Udalaren asmoa urtez urte datu horiek hobetzea da.
2009an egin ahal izan zen lehen aldiz errenta-aitorpena euskaraz. %11ak egin zuten aitorpena euskaraz, 308 pertsonek. Urte betera, 399 pertsonek egin zuten aitorpena euskaraz. 2011n 429 lagunek, 2012an 474k, 2013an 570 oriotarrek eta 2014an 650ek.
Hiru modu errenta euskaraz egiteko
Errenta aitorpena egiteko hiru bide daude eta hiruretan erabili daiteke euskara. Aukeretako bat mekanizatua da. Hitzordua hartzerakoan, ogasunarekin harremanak euskaraz izan nahi dituzula adierazi behar duzu. Horrela eskatuz gero, harremanak euskaraz izan ditzakezu eta ogasunak sinatzeko ematen den orria ere euskaraz jaso dezakezu.
Beste bide bat autolikidazio proposamena da. Jasotako proposamena onartzerakoan, euskaraz egin nahi duzula esan behar duzu eta, aurrerantzean, ogasunak agiriak euskaraz bidaliko dizkizu.
Hirugarren bidea, interenetekoa da. Errenta programaren euskarazko bertsioa jaitsi dezakezu internetetik. Hobetsitako hizkuntza atalean euskara aukeratu dezakezu. Aholkularitza baten bidez egiten baduzu, propio adierazi beharko duzu aitorpena euskaraz egin nahi duzula.
Hiru aukera horiez gain, beste moduren batean egin nahi baduzu, euskaraz egiteko eskatu dezakezu. UEMAK hitz teknikoekin hiztegia osatu du, errenta-aitorpena euskaraz egiten laguntzeko.