Etxeko lehen bi partidetan, punturik ez

Karkara 2016ko api. 13a, 11:51

Bartzelonako Sant Boi taldearen aurka jokatu dute asteburuan oriotarrek. Ligako partidu guztiak irabazita etorri ziren katalanak, eta bide beretik joan dira, bi partiduak irabazi baitituzte.

Bartzelonako Sant Boi taldea izan dute aurkari Bate Bizkorrek pasa den asteburuan Mendibeltzen. Ligako partida guztiak irabazita etorri ziren katalanak Oriora, eta bide beretik joan dira.

Lehen partida bisitarien eraso sendoarekin hasi zen eta 9 karrera egin zituzten katalanek. Hasieratik aurre hartu zieten oriotarrei, beraz. Laugarren sarreran gogor bateatu zuten etxekoek eta 6 puntu egin zituzten, baina ezin izan zioten markagailuari buelta eman. 6-11 egin zuten azkenean, Sant Boi taldearen alde. Heather Oakley eta Igone Etxeberria izan ziren pitxerrak.

Bigarren partida hobeto hasi zuen etxeko taldeak. Lehen sarreran gogor eman zioten bateari eta 3-0 jarri ziren. Igone Etxeberriak ireki zuen partida jaurtitzaile bezala. Katalanak, ordea, laster jarri ziren aurretik. Hainbat hit edo kolpe hirukoitza egin zuten oriotarrek, baina ez zien balio izan partida altxatzeko. Azkenean 6-9 galdu zuten.

Datorren igandean, apirilaren 17an, etxean jokatuko dute berriz Bate Bizkorrek. Viladecans taldearen kontra jokatuko dituzte bi partidak.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide