Musika Eskolako tasen igoera onartu zen udalbatzarrean

Karkara 2016ko api. 6a, 15:32

Hainbat erabaki hartu ziren udalbatzarrean: Antxiola eta Antzaga hobetuko dira, musika eskolako eta kiroldegiko tasak zehaztu dira, zarata mapa onartu da, etxebizitza tasatuak lortzeko baldintzak aldatu dira, kale-garbiketa eta hondakinen bilketa nahiz garraio zerbitzua onetsi da, eta EH Bilduren mozioa ontzat hartu da.

Gorabeherarik joan zen atzoko, apirilaren 5eko, udalbatzarra. Arratsaldeko 19:30ean hasi zen eta ordubete iraun zuen. Denbora tarte horretan zortzi gai jarri ziren mahai gainean, horietako bi kreditu aldaketa. Lehena martxoaren 10eko alkate-dekretuari lotua dago. 2015eko aurrekontutik indarrean dagoen 2016 aurrekontura 375.621, 13 euro aldatuko dira.

Antxiola eta Antzaga hobetzeko kreditu aldaketak

Udalaren aurrekontu propioari dagokion kreditu aldaketa bat ere egin zen. Hiru atal jorratzen ditu kreditu aldaketa horrek, horietako bi Antxiolaren ingurukoak eta bestea Antzagari buruzkoa. Antxiolaren irisgarritasuna bideratzeko 7.430€ sinboliko zeuden lehen. Orain, 71.390€ gehiago erabiliko dira horretarako; guztira, 78.820 euro.  Argiteria ere konponduko da Antxiolan. Lehen sei euro sinboliko bideratu ziren lan horretara. Orain 12.100 euro erabiliko dira.

Azkenik, Antzagako saneatzeko diru partida handitu da. Lehen 1.000 euro sinboliko zeuden horretarako. Orain 60.000 euro gehiago bideratu dira saneamendura, 70.000 euro guztira.

Musika eskolako tasak igo dira

Orioko Danbolin Musika eskolak 2016-2017 ikasturteko tasak aldatu dira. Iaz bideratu zen espedientea, baina oraindik onartu gabe zegoen. Atzo, 8 aldeko botorekin onartu zen. Martxoaren 15ean musika eskolako zuzendaritzak bilera egin zuen eta ondorengoak dira proposatutako tasak:

  • Tailerra 178€, iaz 171€
  • Musika mintzaira 244€, pasa den urtean 235€
  • Ikasketa osagarriak 244€, iaz 235 €
  • Musika tresna 356€, 2015ean 342€
  • Bigarren musika tresna 641€, pasa den urtean 616€
  • Euskal dantza 244 €, iaz 235€
  • Euskal dantza musika tresna izanez gero 169€, lehengo urtean 175€
  • Korua, banda, txistua... doan matrikulatua dagoenarentzat
  • Instrumentua alokatzea 114€ etxera eramanez gero eta 65€ musika eskolan entseatzen baduzu

Igoerak desadostasunak sortu ditu

Orain Herri Plataformaren, EAJren eta PSE-EEren aldeko botoekin onartu zen tasen igoera. EH Bilduk ezezkoa bozkatu zuen eta ezezko horren arrazoiak hiru zirela azaldu zuen Gotzon Igoak. Batetik, Aiako Udalari bere herriko ikasleen zatia ordaintzea exijitu behar zaiola uste du EH Bilduk. Bestetik, legebiltzarrari %33a ordaintzea eskatu zitzaiola aipatu zuen Igoak eta udaletxean hori onartu egin zela. Orain, hori betetzea exijitzen du. Dantzako tasetan horrenbeste igoera izatea Harribilentzat kaltegarria izan daitekeela gaineratu zuen.

Lourdes Salsamendik Aiako Udalari eta Eusko Jaurlaritzari exijitu egin behar zaiola onartu zuen. Aiako alkatearekin elkarrizketak izaten ari dela azaldu zuen, baina prozesu horiek luzeak izaten direla gaineratu zuen. Jaurlaritzarekin hitzordua eskatu behar dutela ere esan zuen, baina orain hauteskundeak datozenez, ziurrenik, bigarren maila batean utziko dutela ondorioztatu zuen Salsamendik.

Horrez gain, Harribil dagoeneko oso errotuta dagoela esan zuen kultura zinegotziak. Gainera, Eneko Dorronsoro ere dantza eskolak ematen hasi dela aipatu zuen, eta arrakasta izaten ari dela.

Kiroldegiko tasak ere zehaztuta

Bx Sport enpresak ere eskakizuna egin zuen, kiroldegiko tasen inguruan. Aurrerantzean, saio baten prezioa 40 eurokoa izango da abonatuentzat eta 50 eurokoa abonatuak ez direnentzat. 10 saioko bonuak 270 euroko kostua izango du abonatuentzat eta abonatuak ez direnek 350 euro ordaindu beharko dituzte.

Zarata maparen isla Plan Orokorrean

Lehen onarpena eman zitzaion atzo, aho batez, Zarata Mapari. Hotsaren kutsadura zenbatekoa den aztertu dute, egoera zein den jakiteko, eta kutsadura horrek Plan Orokorrean izango duen eragina jakiteko. Azterketa egin dute eta lanaren %75a Eusko Jaurlaritzak finantzatu du. 10.000 euroko laguntza eman du. 

Etxebizitza tasatuak izateko baldintza berriak

Martxoaren 9ko batzordean diktaminatu zen gaia. Aldaketak egin dira etxebizitza tasatuak eskuratzeko bete beharreko baldintzetan, zehazki, gutxiengo sarreretan. Lehen onuradunen gutxiengo diru sarrerak ezin zuen izan gizarte-etxebizitzak eta babes ofizialeko etxebizitzak eskuratzeko ezarrita dauden gehiengo diru sarrerak baino txikiagoak. Orain, ezin dira izan tasatuak eskuratzeko ezarrita dauden gutxiengo diru sarrerak baino txikiagoak.

Gutxiengo diru sarrerak 12.000€ baino gehiago ezingo du izan. Hori da tasatuetan exijitzen den diru sarrera minimoa. 12 aldeko botorekin onartu zen, aho batez.

Garbitasunaren gaineko kontratazio baldintzak zehaztu ziren

Orioko kale-garbiketa zerbitzua kontratatzeko baldintza tekniko eta administratiboak onartu ziren atzoko plenoan, aho batez. Kale garbiketaz arduratuko den enpresaren kontratuaren iraupena bi urtekoa da, baina sei urtera luzatu daiteke. Gehiago ez. Gehienez sei urteko kontratua izan dezakete.

Urtean 338.577,28 euroko kostua du zerbitzuak. Sei urteak kontuan hartuz gero, 2.310.460,28 euroko kostua izango luke zerbitzuak.

Emeterio Iribarrek esan zuen batzordea aholkularitza teknikorik gabe egin zela eta hori ez zuela ongi ikusten. EAJko kideek erantzun zioten esanez Ibaiekin hitz egin zutela eta Ibaien esanak kontuan hartu zituztela. Besteak beste, Iribarrek desegokitzat jotzen zuen erabilitako hizkuntza, ulerkorra izan ordez ideiak aldrebesten zituela esan zuen. Eta, Joxe Anjel Zalduak esan zion Ibaiek honela idazten zela esan zietela. Dena den, EAJko buruak ez zuen arazorik jarri berriz ere Ibaiei komentatzeko eta hark ondo ikusiz gero esaldien formulazioa aldatzeko.

Hondakin solido urbanoen bilketa eta garraio zerbitzua kontratatzeko baldintzak ere aho batez onartu ziren. Kontratua urte betekoa izango litzateke, baina beste urte bat luzatu daiteke. Aurrekontua 196.747,55 eurokoa da urtean. Kontratupean egon daitezkeen urte guztiak kontuan hartua 393.495,10 eurokoa izango litzateke aurrekontua.

Autobus zerbitzua hobetzeko mozioa

EHBildu udal talde politikoak Gipuzkoako Foru Aldundiak ematen duen autobus-zerbitzu publikoari buruzko mozioa aurkeztu zuen. Mozioan aipatzen zutenaren arabera, desados daude Donostiako estazio berriaren harira autobus zerbitzuak izandako aldaketekin.

Lehen Amaran zegoen autobus geltoki zentrala. Orain, Tabakalera ondora, Renfe tren geltokiaren albora, mugitu dute. Horrek aldaketak ekarri ditu ibilbidean eta ordutegian, eta Orioko herritarrei zuzenean eragiten diete. Zerbitzua kaskartu egin da eskualdean.

Hori dela eta, EH Bilduko kideek zerbitzuak geltoki berriarekin lotura edukitzea, zerbitzu horrek Amara auzoarekin lotura izatea, eta jaiegun eta arratsaldeetan autobusen maiztasuna handitzea eskatzen dute. Eta, horrekin ados egonez gero, Udalari Gipuzkoako Foru Aldundiari erabakiaren berri ematea eskatu zieten EH Bilduko zinegotziak gainontzeko mahaikideei. Guztiak adostasuna adierazi zuten, mozioari baiezkoa eman zieten.

Udalbatzarra ez ohikoa denez, galderarik ez

Ez ohiko batzarretan ez da derrigorrezkoa eskari eta galderentzat tartea izatea. Gainontzeko udalbatzarretan azken puntua hori izaten den arren, ez ohikoetan posible da herritarrei hitza ez ematea. Eta, kasu honetan, horrela izan zen. Ez zegoen eskari eta galderentzako tarterik. 

Emeterio Iribarrek eskeri eta galderen tartea gehitzea eskatu zuen. Aurreko legealdian, ez ohiko batzarrak izan arren herritarrei hitz egiteko aukera ematen zietela esan zuen, eta horri eutsi behar zaiola uste zuen. Garrantzitsua dela herritarrentzat irekia den udalbatzarrean herritarrei hitza ematea. Alkateak kontuan hartuko zuela erantzun zion.

 
 
 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide