Pausoa emateko eta errefuxiatuei laguntza emateko dei egin zuten Hotz Zarautz elkarteko kideek. Ekitaldi ugari antolatu zituzten dirua biltzeko: hitzaldiak, ipuin kontaketak, kontzertuak, bertso saioa, argazki emanaldiak... Eta ekitaldi horietan bi oriotarrek hartu zuten parte, Ibai Esoainek eta Ibai Jauregik.
Esoain igandean, maiatzaren 20an, ipuin kontalari lanetan ibili zen Munoako karpan eta Ibai Jauregi arropa biltzen aritu zen. Hotz Zarautzeko kideek eskerrik beroenak eman nahi dizkiete bi oriotarrei eta laguntzen aritu diren guztiei, eta, nola ez, karpara hurbildu eta errefuxiatuen alde ekarpena egin zuten guztiei.
Guztira 13.500 euro inguru bildu ziren jaialdian; eta, gastuak kitatu eta gero, 7.500 euro inguru geratu zaizkie errefuxiatuei lagundu ahal izateko. Hortaz, lortutako diru kantitatearekin oso pozik daude antolatzaileak. Lesobera joandako lagunek antolatutako arropa bilketaren erantzuna ere oso ona izan dela aipatu dute. Martxoaren 15ean arropaz betetako trailerra bidali zen Alemaniako Villingen-Schwenningen eta Mestettengo errefuxiatuen kanpalekuetara. Zarauzko 14 pallet, Aguraingo 14 eta Bergarako 38 pallet bidali ziren, garraioarengastuak Bergarako Udalak ordaindu zituen.
Getariako Indaux S.A.U. enpresari ere eskerrak eman nahi dizkiete Hotz Zarauzko kideek, bidalketa egin ahal izateko materialaz berak antolatu baitziren. Cretschmar Cargo garraio enpresari ere eman dizkiete eskerrak, laguna humanitarioa izateagatik prezio baxuagoan egin baitie materialaren garraioa.
Aste Santuan boluntario talde bat L'Auberge du Migrants GKEren bidez Calaisera joan dira, errefuxiatuen kanpamenduetara laguntza materiala eta ekonomikoa ematera. Hotz Zarautzen emandako 1000 euro eraman dituzte, besteak beste. Diru kopuru hori fruta, barazki eta haurrentzako oilaskoa erosteko erabili da.
Hotz Zarautzeko kideek esan dutenaren arabera, ondoren urratsen berri ematen jarraituko dute eta lortutako dirua zertan gastatuko duten ere azalduko dute.