Bihotzeko arazoek, gaur egun, bat-bateko heriotzen portzentaje handi bat eragiten dute. Bihotzaren bat-bateko geldialdi horien aurrean tratamendu egokiena desfibrilazioa dela diote medikuek. Horregatik, zortzi desfibriladore daude herriko hainbat puntutan, larrialdi egoeratan erabiltzeko. Horietako zazpi udalarenak dira, eta zortzigarrena, kirol portuan dagoena, Portu Zuzendaritzak jarri du.
Zaraguetan, Ikastolan, Mendibeltz zelaian, Zaharren Babeslekuan, kanpinean, Arraunetxen, Kiroldegian eta Kirol Portuan dago desfibriladore bana. Udalak ikastaroa antolatzen ditu noizean behin udal langileei eta lantokietako arduradunei erabiltzen erakusteko.
Eusko Jaurlaritzak 2015eko dekretu batean desfibriladoreak instalatzeko minimo batzuk ezarri zituen eta Orioko Udalak minimo horiek gainditzen ditu. Tresna hori erabiltzeko ez da medikua izan beharrik, prestakuntza egokia jasotzen duen edonork erabili dezake desfibriladore bat.
Bestalde, larrialdi egoeran desfibriladorea erabiltzen dakien inor ez balego, mediku baten urrutiko laguntza jasotzeko aukera ematen du tresnak berak. Izan ere, garrantzitsua da lehenbailehen –4-5 minututan– aplikatzea bihotza gelditzen zaion pertsonari.
Hemen desfibriladoreen kokapenen mapa: