Hasieratik zekiten partidu zaila izango zela. Talde oso indartsua da Cometel, denboraldiko partida guztiak irabazi ditu, azaldu du Garikoitz Garagarzak. Eta asteburukoa ere horrela izan zen. Irabazi egin zuten elgoibartarrek.
Dena den, lehen zatian, joko-mailan ez zen apenas diferentziarik sumatu. Oriotarrak kemen handiarekin eta konfiantzaz zelairatu ziren. Lehen 15 minutuetan oso berdindua egon zen partidua, 6-7 emaitza izan genuen markagailuan, dio Garagarzak. Maila altuko partidua izan zen, lehia estukoa. Lehen zatiaren bukaeran aldea handitzea lortu zuten elgoibartarrek eta atsedenaldira 8-13 emaitzarekin iritsi ziren.
Sentsazio oso onak izan genituen lehen zatian, aitortu du entrenatzaileak. Bigarren zatian partiduagatik borrokatzea izan zen atsedenaldian jarri zuten helburua. Baina elgoibartarrek galdutako baloi bakoitza kontraeraso azkarrekin zigortzen zuten eta ziztu bizian handitu zuten abantaila. Hala ere, oriotarrek ez zuten amore eman eta bukaera arte bi taldeek partida polita eta borrokatua eskaini zuten. 15-30 emaitzarekin amaitu zen partidua.
Markagailuan tarte handia egonagatik, taldeak egindako lanarekin eta erakutsitako maila nahiz intentsitatearkin oso pozik gaude Idoia eta biok, azaldu du Garagarzak. Lehen zatian egindako jokoa nabarmendu du.