2016 bidea Oriotik pasako da

Karkara 2016ko mar. 23a, 15:14

Mendizaletasuna eta kultura uztartu nahi ditu proiektuak eta, martxoaren 27an, Donostiatik Zarautza doan etapan, geldialdia egingo du Orion

Ibilbide bat, 32 mendi etapa eta 100 ekintza kultural baino gehiago; hori da 2016 bidea proiektuaren laburpena zenbakitan. Martxoaren 27tik urriaren 30era, Euskal Herri osoa zeharkatuko du martxak, igandero etapa bat eginez. Ibilian egiten da kultura lelopean, Mendizaletasuna eta kultura uztartzea da proiektuaren helburua.

Martxoaren 27koa izango da lehen mendi-etapa, Itsasoa da bidea izenekoa eta Donosian hasi eta Zarautzen amaituko dena. 8:30ak aldera irtengo dira Donostiatik eta Orion egingo dute geldialdia 13:30 aldera. Gero, Zarautzera joango dira 23,7 kilometroko ibilbidea osatzera.

Ekintza kulturalak egingo dituzte ibilbidearen hasieran, erdialdean eta amaieran. Hau izango da eguneko egitaraua:

  • 8:30 - 9:00 - Donostia: marinelei omenaldia Alderdi Ederren
  • 9:30 - 9:45 - Donostia: agurra Ondarretan
  • 13:00 - 14:30 - Orio: Juana eta argonautak antzezlana plazan
  • 16:30 - 17:00 - Zarautz: kalejira malekoian
  • 17:00 - 18:00 - Zarautz: flauta kontzertua Lege Zaharren enparantzan
  • 17:00 - 18:00 - Zarautz: artisau azoka Lege Zaharren enparantzan

Izen-ematea eta autobus zerbitzua

Ibilaldian parte hartzeko aurrez izena eman behar da eta 150 pertsonek egin dezakete etapa bakoitza. 2016bidearen webgunean, Alderdi Ederreko Donostia 2016ren infopuntuan, Club Vasco de Camping elkartearen egoitzan edo Zarauzko udalean egin daiteke izen-ematea.

Bestalde, autobus zerbitzua jarriko dute goizean Oriotik Donostiara joateko eta arratsaldean Zarauztik bueltatzeko. Joanekoa 8:00etan pasako da autobus geltokitik eta, itzultzeko, Nafarroa kaleko 22. zenbakian –Sanz Enea kultur etxe partean– hartu beharko da Zarautzen.

Informazio guztia 2016 bidearen webgunean aurki daiteke.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide