Duela 14 urte, martxoaren 20an, hil zuten Juan Priede PSE-EEko zinegotzia. Tiroz hil zuen ETAk zinegotzia Orioko taberna batean zegoela. Eta hilketaren urteurrenean omenaldia egin diote Orioko hilerrian.
Iñaki Arriola PSE.EEren Gipuzkoako idazkari nagusiak hartu du hitza ekitaldian. PSOE Espainian Gobernu erreformista osatzen saiatuko dela esan du Arriolak, eta nazio justuago bat lortzeko lanean Priederen eredua jarraituko dutela azpimarratu du. ETAk gizona hil zuen arren, ez zuen lortu haren ideiekin akabatzea, esan du Arriolak.
Arriolaz gain, Gipuzkoako sozialisten ordezkari asko izan dira ekitaldian, tartean Odon Elorza Kongresuko diputatua, Jose Ignacio Asensio Ingurugiroko foru diputatua eta Jesus Eguiguren PSEren presidente ohia. Priederen familia eta gertukoak ere han izan dira.