Bi hirugarren postu

Karkara 2016ko mar. 21a, 09:20

San Pedroko VIII. Traineru test-entrenamendua jokatu zen larunbatean. Oriok hiru ontzi aurkeztu zituen, bat nesketan eta bi mutiletan.

Santi Zabaletak pasa den astean hartu zuen Orioko traineruaren gidaritza. Eta, asteburuan, bere lehen estropada izan du oriotarrekin. Hirugarren postuan helmugaratu ziren neskak, Hibaikaren eta San Juanen atzetik. 

Orain arte batelerak ez dute estropadetan parte hartu. Asteburuan, ordea, San Pedroko estropadara joan ziren eta oriotarren aurretik sailkatu ziren. Dena den, txapelduna Errenteriako Hibaika taldea izan zen. Ziabogara pare-parean iritsi ziren Hibaika eta San Juan. Orio lau segundora sartu zen ziabogan. Bigarren luzea tartea handitu zuten aurreko biek. Hibaikak 11:04:74 minutu behar izan zituen ibilbidea egiteko. San Juanek bederatzi segundo gehiago behar izan zituen eta Orio hamabost.

Mutilak hirugarren eta hamazazpigarren

Aizperrok neguko estropadak hasi baino lehen esan zuen lehia hastean ikusiko zela oriotarrek zer martxa zuten, eta orduan hasiko zirela bi traineruak finkatzen, udari begira tosta bakoitza zehazten. Eta, larunbatekoa ikusita, oriotarrak banderak lortzeko lehian ibiliko direla esan daiteke. 

Hirugarren egin zuten oriotarrek. Hiru ziabogako estropadan, lehendabizikoa Hondarribia eta Urdaibairen parean hartu zuten. Segundo bakarreko aldearekin iritsi ziren ziabogara. Bigarren ziabogan tartea handitu zuen Hondarribiak, baita Urdaibaik ere. Oriok sei segundora hartu zuen ziaboga. Hirugarren eta azken ziabogara alde handiagoarekin iritsi zen, estropada burutik bederatzi segundora. Helmuga zeharkatzen lehena Hondarribia izan zen, 19:42:29 denborarekin. Sei segundora Urdaibai sailkatu zen eta Orio hamaikara.

Orio B taldeak hamazazpigarren egin zuen. 21:01:99 denbora egin zuten B taldeko mutilek.

 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide