Jubenilek estropada irabazi zuten larunbatean

Karkara 2016ko mar. 21a, 08:05

Bi jardunaldi jokatu dituzte asteburuan. Larunbatean Errenterian izan zen estropada eta igandean Orion. Larunbatean sei batel aurkeztu zituen eta igandean hamar. 

 

Gipuzkoako Batel Ligako hamargarren jardunaldia jokatu zen larunbatean, Errenterian. Oriok sei ontzi eraman zituen eta horietako batek, jubenil neskek osatutakoak, estropada irabazi zuen. Bi luze eta ziaboga bakarra egin zituzten. Ziabogara Tolosaldeako ontziaren pare-parean iritsi ziren. Biek 4:01 denbora markatu zuten kronometroan. Baina itzulerako luzean oriotarrak izan ziren nagusi eta hiru segundoko tartearekin helmugaratu ziren. 08:41:99 denborarekin irabazi zuten estropada.

Kadeteetan, bigarren izan ziren oriotarrak, Hibaikaren atzetik, hiru segundora. Infantiletan seigarren egin zuten neskek, 41 segundora. 

Infantil mutilek bi ontzi aurkeztu zituzten. A ontziak bigarren egin zuen, Zumaiaren atzetik. B taldea bosgarren postuan sailkatu zen. Kadeteetan hirugarren izan ziren oriotarrak, Tolosaldea eta Hernaniren atzetik.

Garaipenik ez etxean

Igandean Orion jokatu zen Batel Ligako hamaikagarren jardunaldia. Oriok hamar ontzi aurkeztu zituen. Infantil nesketan hamar horietako bik egin zuten arraun. B taldea bosgarren sailkatu zen eta A taldea zazpigarren. Kadeteetan helmuga zeharkatzen bigarrenak izan ziren oriotarrak, Hibaikaren atzetik. B taldeak hamargarren egin zuen. Jubeniletan ere bigarren egin zuen  Orioko, TAKen atzetik.

Gizonezkoetan, infantilek, bigarren egin zuten. Zumaiaren atzetik sailkatu zen Orio A ontzia. Orio Bk laugarren egin zuen. Kadeteetan A ontziak laugarren egin zuen eta B ontziak hamalaugarren. Jubeniletan seigarren postuan helmugaratu ziren etxekoak.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide