Jon Garate: "Sariak nigan gehiago sinesteko balio izan dit"

Karkara 2016ko mar. 23a, 09:00

Bi sari jaso ditu Jon Garatek Huhezinema jaialdian. Bata, Zurea film laburragatik; eta bestea, Menzzi Txispas sukaldean lanagatik.

Huhezinema jaialdia izan da asteburuan, Aretxabaletan, Mondragon Unibertsitateak antolatuta. Hiru eguneko egitaraua izan du, azteazkenean hasi eta ostiralean bukatu baita. Ostegunean MUko ikasleen eta Basque Culinary saileko filmak proiektatu ziren. Asteazkenean eta ostegunean Jon Garatek aurkezle lanak egin zituen. 

Ostiralean sari banaketa ekitaldia izan zen, besteak beste. Basque Culinary saria irabazi zuten Jon Garatek eta Ander Mendizabalek, Menzzi Txispas sukaldean lanagatik. Zurea film laburragatik ere saritu zuten Garate.

Zorionak

Eskerrik asko.

HUHEZINEMA film laburren jaialdian aurkezle lanetan aritu zinen bi egunez. Nola suertatu zitzaizun aukera?

Mondragon Unibertsitatean urtero egiten dute aurkezle izateko deialdia. Parte hartu nahi izaten dutenen artean kasting bat egiten dute. Ni inoiz ez nintzen apuntatu, baina aurten animatu egin nitzen lehenengo aldiz. Aukera guztiakaprobetxatu behar omen dira eta... Beraz, kastinga egin nuen eta hartu egin ninduten.

Aurkezle izateaz gain, saritua ere izan zara. Zuk sortutako bi lan saritu dituzte: Basque Culinary sailean Menzzi Txispasen sukaldean eta MUko ikasleen fikziorik onena Zurea film laburragatik. Lehenengoan Ander Mendizabal izan duzu bidaide...

Bai, Ander Mendizabalekin urteak dira bideoak egiten ditudala. Lagun artean hasi ginen. Bideoak egiten genituen eta gero gazteen lokaletan ikusi. Baina lehengo urtean, Gaztea irratiak Youtuberrak lehiaketa martxan jarri zuen eta Anderrek deitu zidan parte hartu nahi zuela esanez. Beraz bideo batzuk sortu genituen lehiaketarako. Tartean Menzzi Txispas sukaldean. Bideo horrekin Youtuberrak lehiaketa irabazi eta HUHEZINEMAra aurkeztea erabaki genuen.

Eta hor ere irabazi egin dugu. Bideo berarekin bi sari jaso ditugu.

Bigarrena ikaskideekin egin duzu. Noiz hasi zineten filma prestatzen?

Ikasturte hasieran. Uda amaitu eta berehala. Iraila erdi aldera hasi ginen gidoia lantzen, grabazio plana prestatzen, grabatzeko tokiak bilatzen... Gainera, lan honen berezitasunetako bat izan da aktore profesionalekin egin dugula. Beraz, berekin ere kontaktatu beharra zegoen. Aktoreak Dorleta Urretabizkaia, Maite Bastos, Joserra Fachado, Arkaitz Gartziandia eta Mikel Martinez izan dira.

Grabaketa lanak noiz egin zenituzten? Zenbat egunetan grabatu zenuten?

Grabaketarako aste bateko epea eduki genuen. Guk, urria hasieran, bi egunetan grabatu genuen. Kanpoaldeko sekuentziak egun batean grabatu genituen Beasain eta Ormaiztegin. Eta etxe barruko sekuentziak beste egun batean, Orion. Nire etxean.

Eta edizio lanak?

Grabaketaren ondoren beste bi aste izan genituen post-produkziorako. Musika aukeratu, planoak txukundu, kolorea landu... Gidoian idatzita ez zeuden aldaketa batzuk ere egin genituen edizioan. Urria amaierarako bukatu genuen filma. Guztira sei aste eman genituen film laburra egiten.

Kamera aurrean ez ezik, atzean ere ibiltzen zara. Zer nahiago?

Zurea filmean bi gauzak egin ditut. Zuzendaria nintzen baina baita aktorea ere. Eta bietan pozik. Kamera aurreko lana gustatzen zait. Antzeztea, aurpegia ematea... Baina baita atzekoa ere. Proiektua planifikatzea, gauzak nola egin pentsatzea... Ez nuke jakingo bat aukeratzen.

Sariak zuen lanari errekonozimendua ematen dio. Pozik, ezta?

Bai, oso pozik. Egia esan taldeko inork ez genuen espero irabaztea. Sorpresa handia izan zen. Pertsona batzuek esan zidaten ez genuela irabaziko ez Menzzi Txispasekin eta ezta Zurea film laburrarekin ere. Eta horrenbeste aldiz berdina entzunda, nik sinetsi egin nien. Azkenean, ordea, biak irabazi genituen.

Beraz errekonozimenduaz gain, nigan gehiago sinesteko ere balio izan dit. Ez ditut horren lan txarrak egingo... 

Sari banaketan Jon Garateren esker hitzak

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide