Klaudioren testigua hartu duzu, Santi. Noiz egin zizuten proposamena?
Aste hasieran deitu zidaten, klubetik, elkarrizketa bat egin nahi zidatela esanez. Bildu ginen eta Klaudiorekin gertatutakoare berri eman zidaten. Arrazoi pertsonalak medio, ez duela jarraituko eta ea nik bete nahi nuen berak utzitako hutsunea. Dudan ibilbidearekin uste zuten ondo egokitu nintekeela proiektura eta entrenatzaile izateko eskaintza egin zidaten. Akordio batera iritsi ginen eta abentura berri bati ekin diot.
Neskak ezagutzeko aukera izan al duzu?
Bai. Asteazkenean bildu nintzen berekin. Interesa nuen beren sentsazioak jakiteko, zer gogo zituzten, zer motibazio... Eta, egia esan, denak baikor zeudela ikusi nuen, lana egiteko gogoa eta ilusioa zutela. Horrek asko animatu ninduen. Orain guztiok batera lorpenak lortzera joan behar dugu.
Lorpenak aipatu dituzu. Aurten, neguan, bi estropada irabazi dituzte dagoeneko. Banderak lortzea al da aurtengo helburua?
Egia da egindako lana ikusita eta lortutako emaitzei begiratuta, bide onetik goazela. Baina neguan gaude, eta traineru bakoitzaren prestakuntza oso desberdina izaten da. Emaitza horiek erreferentzia izan daitezke, orientazio txiki bat, baina ez da ezer ziurra.
Gure helburua gogor lan egitea da, bukaerara indartsu eta goian iristea, puntakoan mailan lehiatzea. Bandera asko daude jokoan eta gero ikusiko da ea nork irabazten dituen. Guk gogor egingo dugu lan.
Mutilekin ibili zinen Zumaian. Orain taldeak zumaiar ugari daude...
Zumaian egon nintzenean mutilak entrenatzen nituen. Neskak ezagutzen nituen, bai; baina ez pertsonalki. Orain izan dut lehen harremana neskekin. Berak gogotsu daude eta ni ere gogo handiarekin nago, ea denok bide beretik ondo aritzen garen.
Mutilak entrenatutakoa zara; entrenatzaile lanetan baduzu esperientzia. Oraingo erronka desberdina al da?
Egia esan beste aginte bat izango da. Baina pentsatzen dut lan egiteko era berdina izango dela, eta ilusio eta gogo berberekin arituko direla. Espero dut egiten dugun lanak fruitua izatea eta emaitzetan islatzea.