Kaxildaren lezioa

Imanol Manterola 2016ko mar. 21a, 13:34

Ezagutuko ote naik? Ez diat uste, neopreno, txaleko, bixera betaurreko beltz eta abarrekin ezinezkoa dek! Baina baita zera ere Manterolaaa! oihu batean hasi zitzaidan parera iristean.

2015eko maiatzaren 30a. Zarauzko kayak-zaleen elkarteko beste zenbait kiderekin Ondarretako hondartzatik itsasora abiatu nintzen arrebaren piragua hartuta. Gainontzeko guztiek Zarauzko kosta zuten helmuga, baina nik, Orioko Etxeluze pareko arranpla. Banuen kezkarik barruan, sekula trabesia hain luzerik ez bainuen egin itsasoz. Egia aitortu behar badut, uste baino erraxago iritsi nintzen Orioko bokara, eta marea goraka zihoanez, errioaren laguntzaz, heldu nintzen zubi parera, eguraldi ederraz eta bista paregabeaz gozatuz. Gaztetxe pareko arranplan, piragua uretatik atera eta karrotxoan jarri eta gero, herri aldera jo nuen..

Halaxe nindoan bada ontziari tiraka eta bat-batean ikusi nuen urrutira Kaxilda. Ezagutuko ote naik? Ez diat uste, neopreno, txaleko, bixera, betaurreko beltz eta abarrekin ezinezkoa dek! Baina baita zera ere Manterolaaaa! oihu batean hasi zitzaidan parera iristean. Manterolaaaa! ukabila airean astintzen dikeko morena. Djoss, jende ona zeate Txagatarrak, jende gogorra, langilea! baina jatea ere gustuko dezuena! Zuzenean ikusi duenak bakarrik imajina dezake hau guztia dagokion dramatismoz. Hantxe eduki ninduen ukabila airean astinduz 10 minutuz edo. Eta bukaeran gaineratu zuen hortza ederrak dituk gero!

Kaxildarekikoak eginik, behin piragua jasota, autoz Zarautz aldera abiatu nintzen. Ezin nuen kendu burutik Kaxildaren imajina jende langilea, baina jaten badakizuena! Gogoratu nintzen Txaganeko gure aitona-txikiaz, balea harrapatu zuenaz. Gogoratu nintzen ere, nire aitaz eta familiako beste zenbait gertakaritaz jende gogorra, baina jateaz ere gozatzen dakizuena. Bere etorkizunaren alde borroka egin duen jendea, lanak zaildutakoa; baina era berean, bizitzaz gozatzen dakiena, bere txikitasunean, bere handitasunean. Buruan jiraka nituen Kaxildaren hitzak...

Gauean, ordea, gogora etorri zitzaizkidan, aitona Gregoriorekin traineruan joan ziren gainontzekoak, eta beste patroi eta arraunlariak. Jabetu nintzen herri osora zabal zitekeela kasik Kaxildaren deskripzioa. Eta konturatu nintzen Kaxildak erakutsi zizkidala bizitza honetako zoriontasunerako bidearen bi adar inportante.

Eskerrik asko Kaxilda!

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide