Xabier Etxeberria: “Gazteak dira, dudarik gabe, publikorik zailena”

Karkara 2016ko mar. 21a, 12:34

Urte oparoa izan da 2015a Xabier Etxeberriarentzat –Zarautz, 1974–. Bi liburu argitaratu ditu; Martin anaiarekin, lehena, Gizon gogorraren sekretua, eta bakarrik, bigarrena, Eman amore.

Anaiarekin batera idatzi ditu liburu gehienak Etxeberriak, haur literaturakoak batez ere. Gazteentzako literaturan murgildu da orain, Eman amore izeneko liburuarekin. Baina ez da iaz argitaratu zuen liburu bakarra izan. Anaiarekin batera idatzi duen Gizon gogorraren sekretuarekin nobela beltzean murgildu dira.

Eman amore da azkena kaleratu duzun liburua. Nolako harrera ari da izaten?

Durangoko azokarako atera genuen liburua, baina ez genuen aurkezpenik egin. Azoka eta gero, ikastetxe zirkuitoan mugitu dugu zuzenean.

Salmenta aldetik ondo doala esan didate Elkarrekoek. Jendeari gustatu zaion edo ez jakiteko, pixka bat itxaron
beharko dut oraindik.

Jon Zetak etxetik ihes egiten duenean hasten da liburua.

Alde batetik, Greziako mito batean oinarritu nintzen idazterakoan, urtaroen sorreraren mitoan. Lurraren eta emankortasunaren jainkosaren alaba bahitzen du lurrazpiko jainkoak, eta heroi gazte bat haren bila joaten da. Azkenean, tratua egin eta urtearen zati bat lurrazpiko munduan eta beste bat Olinpoan pasako du alabak, eta horrela sortu ziren urtaroak Greziar mitologiaren arabera.

Beste aldetik, emaztearen lehengusu batek –Jon Zeta deitzen diote– kontatutako istorio bat ere izan dut gogoan. Behin lagun batzuen kontzertu bat ikustera joan zirela eta taberna zulo batean sartu eta galdu egin zirela.

Bi gauzak nahastu ditut, rock kontzertuak eta mitologiako elementuak. Gero, abentura eta maitasun puntuak ere baditu. Oso ondo pasatu nuen idazten.

Gazteentzat idaztea zaila al da?

Orain arte beti haurrentzako edo helduentzako liburuak idatzi ditut, gehienak anaiarekin. Niretzat, dudarik gabe, publiko zailena gazteak dira, zaila da jakitea zerk funtzionatuko duen.  Hala ere, alaben laguntza izan dut idaztean, beraiek nola egingo zuten galdetzen nien. Munstroa sortzen lagundu zidaten, adibidez.

Haur eta gazte literatura ala helduentzako nobelak?

Proiektu desberdinetan aldi berean aritzeak burua konpartimentuetan bezala banatua edukitzea dakar. Ez nuke esango bata bestea baino gehiago gustatzen zaidanik, biekin gozatzen dut.

Bi liburu argitaratu dituzu 2015ean. Urte ona izan al da?

Bai, oso ona. Anaiarekin publikatu nuen bestea, Gizon Gogorraren Sekretua. Bi urte eta erdi pasa genituen idazten. Dena ondo zaindu nahi genuen eta idazketa maratoi bat bezala izan da. Azkenean, kaleratu genuenean, poz handia sentitu genuen. Eman amore, berriz, bi hilabetetan idatzi nuen. Ideia bururatu eta segituan jarri nintzen idazten.

Zer ematen dizu anaiarekin idazteak, eta bakarrik egiteak?

Liburu gehienak anaiarekin idatzi ditut: haurrentzako guztiak eta lau nobela. Elkarrekin idazten dugunean talde lanean egiten dugu. Bakoitzak ideia bat dauka eta adostu egin behar dugu. Umiltasuna izaten ikasi behar da, zure ideia
hobea iruditzen bazaizu ere, negoziatzen jakin behar da.

Normalean, idazten hasi aurretik, urtebete-edo egoten gara hitz egiten, adosten, apunteak hartzen... Batzuetan
nekagarria egiten da eta gauzak bakarrik egiteko gogoa sartzen zaizu.

Bakarka idaztean, hasiera batean, askatasun gehiago duzu eta azkarrago egiten duzu lan. Baina gero, adibidez, anaiari deitzen diot gauzak galdetzeko. Beste ikuspuntu batek aberastasuna ematen dio lanari.

Martinekin idazten ondo pasatzen dut, sintonia berean gaude. Orain  beste proiektu bat dugu esku artean, hirugarren batekin. Zailagoa izaten ari da hau.

Nobela beltzera egin duzue jauzi orain

Arrain abisala ere nahiko beltza bazen, baina Gizon gogorraren sekretuak generoaren pautak jarraitzen ditu, bai. Heriotzak, informazio dosifikatua... 

Kritika sozialetik ere badu liburuak. Industriagune batean gertatzen  da, krisi garaian. Genero beltzak hori du, gauza asko har ditzakeela barruan. Jon Alonsok esaten duen bezala, gaur egun dena izan daiteke beltza.

Hori guztiaz gain, gure mundu propioa ere sartu dugu liburuan: pertsonaia arraroak, taberna giroa... ez gara batere moztu liburu honetan, bururatzen zitzaigun ia guztia idatzi dugu. Oso ongi pasatu genuen idazten.

Baztango nobela beltzaren astean izan zineten urtarrilean –ilbeltzean–. Nolakoa izan zen esperientzia?

Irakurle talde batek antolatzen du Ilbeltza, eta gonbidatu egin gintuzten. Harrera oso ona egin ziguten eta badirudi
liburua gustatu zitzaiela. Nobela beltzaren irakurle zorrotzak dira Ilbeltzakoak, eta izerdi pixka bat bota arazi ziguten.
Euskal Herrian nobela beltza ez zela egiten esaten zen lehen, baina Ilbeltzakoek erakutsi dute ez dela horrela, asko eta ona egiten dela.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide