Egoitz Makazaga: "Jendea gustura gelditu zen, errepikatu egingo dugu"

Karkara 2016ko mar. 17a, 08:07

Infinity Fit Camp izeneko saioa antolatu zuten pasa den asteburuan. Harrera ona izan zuenez, larunbat honetan errepikatu egingo dute. 10:00etan egin dute hitzordua, Orioko frontoian.

Zer da, zehazki, Infinity Fit Camp?

Zirkuitu moduko bat da. Larunbatean egin genuen lehenengoz Orion, frontoian. Zirkuitu bat osatzen da ariketa ezberdinekin.

Ariketa horietako bakoitzean gorputzeko atal bat lantzen al da?

Ariketa bakoitzean gihar bat lantzen da. Horregatik, ariketen artean korrika saioak sartzen ditugu, pittin bat arintzeko. Gihar horiek lasaitzeko. Errekuperazio errazeko da, ez da uste bezain kirol gogorra. 

Ezagun egin den crosfit-a bezalakoa, orduan?

Bai, horrelako zerbait da, bai. Ariketa horiek egiten hasi nintzen Orion, entrenatzeko, horrelako lasterketetan hartzen baitut parte. Oztopoak gainditu behar dira lasterketa horietan, horrelako ariketa antzekoak egiten. Eta jendeak ariketa horiek egiten ikusten zidan eta horren inguruan galdetzen zidan. Hortaz, probatzea erabaki genuen.

Euskal Herrian badago horrelako kirolak praktikatzeko aukera?

Pasa den asteburuan, adibidez, Valladoliden izan genuen lasterketa. Hurrengo zita Loiun daukagu, Bilbo ondoan. Hemen ere egiten dira. Ondoren, entzutetsua den Spartan race lasterketan hartuko dugu parte. Lasterketa hori oso ezaguna da. Denbora daramat honetan, eta, ondorioz, lasterketa ia guztietan saiatzen naiz parte hartzen.

Badirudi larunbatean probatu zutenei arra piztu zeniela. Errepikatzeko gogoz daudela.

Ariketak egin genituen lehendabizi, zirkuitoa. Ondoren, hitz egin genuen. Galdetu egin nien ea zer iruditu zitzaien. Antza, gustura ibili ziren eta larunbatean bigarren saioa egingo dugu. 10:00etan, frontoian, eguraldi txarra egingo baitu.

Espero dugu aurrera begira beste eremu batzuetan egitea. Mendi irteerak egitea, hondartzan zirkuitua egitea... Zeren honela, frontoian, nahiko mugatua da. Lasterketan lantzen diren giharrak lantzen dira, beraz, antzeko sentsazioak eduki daitezke, baina ez da berdina. Horregatik, ondo legoke beste eremu batzuetan ere zirkuitoa egin ahal izatea.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide