Azken fase gogorra oriotarrentzat

Karkara 2016ko mar. 16a, 08:28

Hiru partidu galdu dituzte jarraian oriotarrek. Gipuzkoako Txapelketako bukaerako fase gogorra izaten ari da Orioko Herri Ikastolako eskubaloi taldearentzat.

Igandean Oñatiko Aloña Mendiren kontra izan zuten partidua oriotarrek, etxetik kanpo. Hotz handia egiten zuen jokalekuan, eta, hotz hori oriotarrei kutsatu zitzaien, hotz atera baitziren kantxara. Esfortzu handia egin zuten eta lana ere gogoz, baina ohi baino mugikortasun gutxiagorekin jokatu zuten.

Hasieratik hartu zuen aldea Aloña Mendik. Lehen zatiaren erdian 8-4 emaitza kezkagarria zegoen markagailuan, aitortu du Garikoitz Garagarzak. Atsedenaldira tartea txikitzen saiatu ziren oriotarrak. Lortu zuten, 9-7 emaitzarekin joan baitziren aldageletara. Bigarren partidurako aukera guztiak zabalik utzi zituzten.

Bigarren zatia, ordea, antzeko bidetik joan zen. 5-6 goleko abantaila hartu zuten oñatiarrek. Gure neskak saiatu baziren ere, ez zuten asmatu jaurtiketa ugaritan. Dinamismo gutxirekin ibili ziren eta ez genuen abantaila gutxitzea lortzen, aitortu du. Bukaerarako etsita zeuden oriotarrak. 20-12ko emaitzarekin bukatu zen partidua.

Azken fase honetara sailkatzea lortu zuten, oso indartsu ibili baitziren aurreko kanporaketan. Baina bukaerako fase hau oso gogorra ari da izaten neskentzat. Aurkariak oso gogorrak dira eta garaipenak oso garesti daude, azaldu du Garagarzak. 

Datorren igandean aurkari gogorrenaren kontra jokatuko dute, etxean, Karelan. Elgoibarko Cometel taldea izango dute aurkaria. Orain arte jokatu dituen partidu guztiak irabazi dituzte elgoibartarrek. Orioko Ikastolako jokalariak dena ematera aterako dira, hortzak erakustera eta ikastera. 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide