Pasa den asteburuko markagailuek eta aste honetakoek ez dute antzekotasunik. Pasa den astean baino partidu gehiago irabazi ditu Oriok eta emaitzak estuagoak izan dira.
Ohorezko erregionalek epaileekin sintonia txarrean jarraitzen dute. Jardunaldi askotan hamarrekin bukatu dute eta oraingoan ere horrela izan da. Joseba Areizaga zelaitik kanporatu zuen epaileak. Jokalari bat gutxiagorekin zaila da partidua irabaztea, eta asteburu honetan ere maldan gora jarri zitzaion partidua Oriori. 1-0 galdu zuten Martuteneren kontra, etxetik kanpo.
Etxean jokatu zuten erregionalek kopako partidua, Mendibeltzen. 1-0 irabazi zuten Touring taldearen kontra Janirek sartutako golari esker eta sailkapenean laugarren postuan kokatu dira, liderrarengandik bi puntura. Lau jardunaldi gelditzen dira, denbora nahikoa Gipuzkoako Kopa irabazteko. Horretan ahaleginduko dira.
Ohorezko jubenilek ere Mendibeltzen jokatu zuten eta maila mantentzeko garaipen garrantzitsua lortu zuten. 2-0 emaitzarekin hartu zuten mendean Dunboa taldea. Aitor Indo eta Imanol Azpiroz izan ziren golegileak.
Kadeteetan, igoera faseko partidua nagusitasunez irabazi zuen Oriok. Bost goleko aldearekin irabazi zion Alegiako Intxurre taldeari, 6-1. Diego Montillak eta Iker Kaperotxipik sartu zituzten golak, hiru bakoitzak. Emaitza ona da kadeteentzat, igoera lortzeko aukerekin jarraitzen baitute.
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!