Orion izan da arraunzaleen zita asteburuan. Larunbatean, arratsaldeko 16:00etan, Gipuzkoako Aulki Mugikorreko Ligako seigarren jardunaldia jokatu da. Aspaldian ez bezala, ibaiaren egoera bikaina izan da eta eguraldiak ere lagundu egin du. Inongo eragozpenik gabe egin dira estropadak, 46 guztira.
Etxekoek 23 ontzi aurkeztu dituzte, erdiak. Eta 23 ontzi horietatik 19k podiumeko postuak egin dituzte. 3 ontzik hirugarren egin dute, 6 ontzik bigarren eta 10 ontzik irabazi egin dute. Gainontzean, laugarren postu bat, zazpigarren postuan bi ontzi eta bederatzigarrenean beste ontzi bat sailkatu dira.
Emaitzak kategoriaz kategoria
Infantiletan, gizonezkoetan, laukoan, irabazi egin dute oriotarrek, 4:08:67 denborarekin. Zortzikoan ere irabazi egin dute, bigarrenari ia minutu erdia kenduta. Emakumezkoetan, bikoan, bigarren eta hirugarren egin dute oriotarrek; eta batekoan, bigarren eta zazpigarren. Laukoan irabazi egin dute neskek, bigarren sailkatuari 15 segundoko aldea aterata. Beteranoetan ere hamabost segundoko aldeagatik irabazi dute oriotarrek.
Kadete, gizonezkoen bikoan (2-), irabazi egin du Orio Ak eta hirugarren egin du Orio Bk. Kategoria honetan, 2+ean, bederatzigarren egin dute horiek. Lemazain gabeko laukoan bigarren sailkatu dira, Hondarribiaren atzetik; eta lemazaindun laukoan irabazi egin dute etxekoek; 4x kategorian irabazi egin du Oriok. Batekoan zazpigarren sailkatu da Orioko ontzia. Zortzikoan irabazi egin zuten mutilek. Emakumezkoetan, bikoan, laugarren postuan sailkatu dira oriotarrak. Batekoan ere bigarren egin du Orioko arraunlariak, San Juanen atzetik. Eta laukoan lehenengo eta hirugarren postuetan sailkatu dira Orioko bi ontziak.
Kimuetan soilik zortzikoan aurkeztu zuen ontzia Oriok. Bigarren egin zuten, Hondarribiaren atzetik. Kimuen mailako arraunlariz osatutako beste ontzi bat ere bazegoen, baina jubenilen aurka lehiatu zen. Jubeniletan oriotarrek santiagotarrekin batera osatu dute ontzia. Hirugarren postuan sailkatu dira. Maila berean, batekoan, bigarren egin dute oriotarrek, Hondarribiaren atzetik, hamasei segundora.
Emaitza onak lortu zituzten etxekoek, oriotarrek.