Abaromendi egokitzeko pauso bat gehiago

Karkara 2016ko mar. 18a, 14:48

Igande honetan, martxoaren 20an, Zuhaitz Eguna antolatu du Herrio Natur Taldeak, Orioko Udalarekin elkarlanean.

2013an Abaromendi inguruko parketa egokitzeko proposmena egin zion Herriok Udalari. Herrigunetik gertu dagoen berdegunearen erabilera indartzeko proiektua aurkeztu zuen Natur Taldeak. Udalarekin elkarlanean Zuhaitz Eguna antolatu zen. Berdgunea egokitzeko proiektua urte horretan jarri zen martxan eta 125 zuhaitz landatu ziren –arteak, urkiak, gorostiak, erramuak, gurbitzak, elorri zuriak, basa erramuak, zuhandorrak–, herritarren parte hartze handiarekin.

Proiektua ez zen urte horretan bukatu. Abaromendiko parkea hainbat fasetan eraikiko da, eta proiektua osatzen joateko asmoarekin, aurten beste 50 zuhaitz landatuko dira: gurbitzak, zuhandorrak, arteak eta gorotsiak. 10:00etan elkartuko dira Abaromendin landaketa egiteko.  Antolatzaileek dei egiten diete herritarrei landaketan laguntzeko. Zuhaitzak eta laneko tresnak eta materiala antolatzaileek eramango dituzte. Herritarrek esku-lana jarri beharko dute, besterik ez. Landaketa bukatutakoan hamaiketakoa egingo duke. 

Inguru hori herritarrekin batera egokituta, oriotarrek parkea bere sentituko dute eta bizidunekiko sentsibilitatea ere sustatuko dute.  Abaromendi inguruan gune atsegin bat sortzea dute helburu, oriotarrek beren aisian erabili ahal izateko. Gainera, erabilera horrek bizitasuna emango diola uste dute natur taldekoek.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide