Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura, Enplegu eta Gizarte Politikak, eta Osasun Saila elkarrekin ari dira lanean Mugiment ekimenean, gizarte aktiboagoa sortzeko. Helburu hori lortzeko bidean, bi jarduera antolatu ditu lan taldeak.
Batetik, igogailuaren partez eskailerak hartzea sustatzeko kanpaina. Jarduera fisikoa egiteko aukera erraza da eskailerak igotzearena, bost aldiz kaloria gehiago erretzeaz gain bihotza eta giharrak indartzen baitira eta osteoporosia saihesten laguntzen baitu. Jendeak igogailua hartu beharrean eskailerak erabiltzeko pegatinak jarriko dituzte igogailuetan.
Bestetik, erorketak prebenitzeko tailerra antolatu dute. Zahartzaroan gertatzen diren istripuen %92a erorketak izanik, tailerrak erorketa horiek prebenitzea du helburu. Tailerra martxoaren 16an egingo da, Orioko kultur etxean, 17:00etan. Tailerra irekia da eta adin guztietako herritarrak daude gonbidatuta. Ikastaroa Osasun Saileko Natxo Garciak, Osakidetzako Gurutze Uriak, Borja inza fisioterapeutak eta udaleko arduradunek gidatuko dute.
Hori guztia antolatzearen arrazoia jarduera fisikoak dituen onurak dira. Bizimodu osasungarria izateko ezinbestekoa da jarduera fisikoa egitea. Eta, horrez gain, Europako Batzorde Kontseiluaren Europa 2020 estrategiaren helburuak lortzen laguntzen du, jarduera fisikoaren esparruan politika eraginkorrak sustatzea baita ardatzetako bat.
Eusko Jaurlaritzak Europako Batzordearen gomendioari jarraiki, 2013-2020 Osasun Planean 2015-2020 aldirako Zahartzaro Aktiborako Euskal Estrategia eta JArduera Fisikorako Euskal Plana jarri zuen martxan, eta horren harira garatu dute Mugiment egitasmoa.