Azken minutura arte borrokatu arren, galdu egin zuen Oriok

Karkara 2016ko mar. 9a, 07:53

Bi goleko aldeagatik galdu zuen Orioko eskubaloi taldeak Urnietaren aurka. Partida estua izan zen, parekatua. Asteburu honetan izan ez duten freskotasuna eta kemena lortu nahi dute datorren partidurako.

Orain arteko zapore gozoa gazi bilakatu da asteburuan. Asteburu honetako partidua ohikoa baino pixka bat itsusiagoa izan da, eta, azkenean, 17-19 galdu genuen, kontatu du Garikoitz Garagarza Orioko eskubaloi taldeko entrenatzaileetako batek. Bi golen aldeagatik galdu egin zuten oriotarrek.

Partidu hasiera oso berdindua izan zen. Bi taldeek ondo egin zituzten defentsa lanak. Atzean sendo ibili ziren. Aurrean, ordea, ez horrenbeste. Arazoak izan genituen erasoan lehen zatian. Askotan jaurtiketak egiteko aukerak izan genituen, baina tiroetan huts egin genuen. Urnietarrek gehiago asmatu zuten eta atsedenaldira markagailuan aurretik zirela iritsi ziren. 6-9 urnietarren alde.

Bigarren zatia ildo beretik joan zen. Kale egin genuen jaurtiketa ugaritan, hasieran hurbiltzea lortu bagenuen ere. Baina, txikitu zuten tarte hori handitzen joan zen partiduaren apurretan. Bost minuturen falta 14-18 emaitza genuen markagailuan eta partidua maldan gora jarri zitzaigun, aitortu zuen Garagarzak. Orduan aldaketa bat egin zuten, defentsa indibiduala egitean saiatu ziren. Eta honela lortu zuten urnietarrak gelditzea. 17-18 emaitzarekin jarri ziren markagailuan. Berdindu ere egin genuen, baina epaileak marra zapaldu genuela esan zuen eta baliogabetu egin zuen gola, kontatu du. Gola izan ala ez, ez zuten berdinketa lortu eta urnietarrek gol bat gehiago sartu zutenez, partidua bi goleko aldearekin bukatu zen. 

Partidu onena izan ez bazen ere, Garagarzak taldeak amaiera arte borrokatu izana azpimarratu nahi izan du. Ia-ia partidari buelta ematea lortu zutela gaineratu du eta hori aipagarria dela.

Asteburu honetan AloñaMendiren aurka jokatuko dute, Oñatin. Hasiera batean Urnietako taldearen maila beretsuko partidua izango da, taldeak maila antzekoa baitauka. Baina txapelketaren zati honetan, fase finalean, horrelakoak izango dira partidu guztiak, gogorrak. Garagarzak aitortu du asteburuko partidurako ohiko freskotasuna eta kemena errekuperatzen saiatuko direla.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide