Orioko ZKE eskubaloi taldeak Zumaiaren kontra jokatu zuen. Gipuzkoako Fase finaleko bigarren partidua zen larunbatekoa, Traparen aurkakoa. Aldez aurretik zaila izango zela jakinda abiatu ginen Zumaiara, aitortu du Garikoitz Garagarza entrenatzaileak. Gipuzkoako eta Euskadiko selekzioetan ibilitako jokalari asko daude eta hori duten maila onaren erakusle da. Irabaztea zaila izango zutela zekiten, baina, hala ere, gogor saiatu ziren.
Partidu hasiera nahiko berdindua egon zen, azaldu du Garagarzak. Ohi bezala, atzean sendo zegoen taldea. Ondo erantzun zieten aurkarien erasoari. Ohiko defentsa lan onari eutsi genion. Lehenengo hamar minututan 5-4 emaitza izate lortu genuen.
Zumaiarrek buruz-buruko defentsa-lan itogarria egin zuten. Eta horrek oriotarrak partidutik ateratzea ekarri zuen. Orduan, kontraeraso errazen bitartez, abantaila handia lortu zuten zumaiarrek, argitu du entrenatzaileak. 13-4 jarri ziren aurretik zumaiarrak. Atsedenaldira 14-6 emaitzarekin iritsi ziren.
Abantaila handiegia zen, azaldu du Garagarzak. Horrelako talde indartsu baten aurka izateko, handiegia. Bigarren zatian oriotarrak lotsagabe atera ziren jokatzera, tarte handi hori txikitzeko eta markagailua iraultzeko asmotan, baina ez zuten lortu.
Sentsazio askoz hobeak izan genituen eta lolrtu genuen markagailuan tartea txikitzea. Hurbildu ginen berengana, azaldu du entrenatzaileak. 24-15 markagailuarekin bukatu zen partidua. Galdu arren, harro daude egindako lanarekin oriotarrak, bigarren zatia gol bakarrarengatikg aldu baitzuten. Oso gustura gelditu ginen, hamar minutu txar kenduta partidu oso borrokatua eta landua egin baigenuen. Harro egoteko moduko partidua egin genuen.
Asteburu honetan Urnietako taldea hartuko du Orioko ZKE taldeak etxean, Karela kiroldegian.